argia.eus
INPRIMATU
Errigorak 235.000 euro bildu ditu Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzarako
  • Antolatzaileek azpimarratu dute saski-kanpaina “arrakastatsua” izan dela herrigintzari esker. Nafarroako erakundeei eskatu diete euskararekiko “dagokien erantzukizuna” euren gain hartzeko, eta herritarren lana laguntzeko.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 17a
Kanpainaren arrakasta auzolanari esker izan dela nabarmendu du Errigorak. / Argazkia: Errigora.

Herriak egiten du herria lelopean hasi zuen aurtengo udazkeneko kanpaina Errigora ekimenak, eta halaxe izan da: tokiko produktuekin osatutako 15.500 saski saldu dituzte “herrilan-ariketa erraldoian”, eta lortutako 235.000 euroak Nafarroa erdialdea eta hegoaldea euskalduntzera bideratuko dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dute ekimen horrekin frogatu dutela “auzolanaren balioa eta baliagarritasuna”. Parte hartzaile guztiak zoriondu dituzte.

Zortzigarren urtez egin dute udazkeneko kanpaina, iaztik Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka izenean aurkezten dutena. Azaldu dutenez, 2020an “elkartasun uholdea” galdegin zuten pandemiak euskalgintzari emandako “zartakoari” erantzuteko, eta emaitza inoizko onena izan zen. Baina, egoera baretuta, aurtengo “arrakasta” ez zuten espero: iazkoaren atzetik atxikimendurik handiena lortu duen kanpaina izan da.

Erakundeen erantzukizuna

Errigoratik gogorarazi dute Nafarroako zonalde hori euskalduntzeko auzolana beharrezkoa bai, baina nahikoa ez dela. Nafarroako parlamentuan bertan kritikatu dute erakundeek “ezer gutxi” egin dutela, eta eskatu diete euskararekiko “dagokien erantzukizuna” euren gain hartzeko. Dei egin diete herritarrentzat behar beste baliabide jartzera eta hamarkadetako hizkuntza politika iraultzera, lurraldea “berandu baino lehen” euskalduntzeko.

Zertarako da dirua?

Saskien bidez lortutako dirua euskara hauspotzeko hainbat egitasmotara bideratuko dute. Bultzatzaileen esanetan, “ezinbesteko” laguntza ekonomikoa da AEK-k eta ikastolek bizirauteko nahiz aurrerapausoak emateko. Sortzen elkarteak hezkuntza sare publikoan D eredua indartzen jarrai dezan baliabideak emango ditu. Gainera, Agerraldiak ekintza-agenda handiagoa prestatu ahal izan du 2022rako. Horrela, euskara esparru eta espazio guztietara zabaldu nahi dute.

Laburpen bideo honetan aurkeztu dute kanpainaren emaitza: