Elikagaiak Euskal Herrian ekoitzi eta kontsumitzearen aldeko kanpaina abiatu du Errigorak, “bost urte maite duguna elikatzen” goiburuagaz. Nafarroako hegoaldeko euskalgintza bultzatzea da helburua. Martxoaren 7tik 22ra egin ahal izango dira eskaerak, www.errigora.eus webgunean eta hainbat lekutan banatuko diren eskuorriak betez.
“Karbono-aztarna murrizteko, paisaia mantentzeko eta ekonomia bertokiratzeko asmoz gure aletxoa jartzen dugu; auzolana elikatuz, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko distantzia laburtuz eta alde bientzat prezio zuzenak adostuz”, diote Errigorako kideek. Gainera, aurtengo edizioan “zubi berriak eraiki” dituztela diote, nekazari eta langileen artean.
Ekimena antolatzen duten bosgarren urtea da, eta urte hauetan 240.000 litro olio eta 700.000 kontserba-ontzi baino gehiago banatu dituzte. Aurten, oraindik erabakitzeke dauden 70 bat herritan egingo dute kanpaina. “Elikadura-sistemaren gaineko erabakiak gure esku egon daitezen pauso txikiak ematen ditugu, borondatezko lanean oinarritutako sarean ehuntzen”, adierazi dute.
Aurtengo kanpainak berritasun bi izango ditu. Arroza eskainiko dute lehenengoz eta kamisetak ere egin dituzte. Askotariko elikagaiak eskaintzen dituzte; zainzuri ekologikoak, tomate frijitua, barazki-menestra eta pikillo-piperrak, besteak beste. Karta guztia eta kanpainaren inguruko xehetasunak hemen.
Albiste hau Hirukak argitaratu du eta gurera ekarri dugu, CC-By-SA lizentziari esker.