Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana bultzatzea dira Errigoraren helburu garrantzitsuenak. Bost ekoizlerekin hasi ziren 2013an, baina gaur egun dagoeneko 23 dira, eta beraz, urrats bat gehiago eman beharra sentitu dute: Errigora identifikatzailea.
Identifikatzailea lau alorretan oinarrituko da: bertakotasuna, euskara, auzolana eta familiekiko harremana, eta horiekin Errigorak ekoizle taldean kohesioa indartu nahi du batetik, eta bestetik, kontsumitzaileen eskuetara iristen diren produktuen arteko koherentzian sakondu. Idenfifikatzailea joan den asteazkenean aurkeztu zuten publikoki Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Honako ezaugarriak nabarmentzen dituzte zigiluaren lau balio nagusietan. Bertakotasuna: segurtatzen du produktuaren ekoizpenean erabilitako osagaiak Nafarroako Ager eremukoak direla, hau da, Iruñetik hegoalderakoak. Gatza eta azukrea bakarrik salbuesten dituzte. Euskara: segurtatzen du produktua ekoiztu den ekoiztetxean euskara normalizatzeko plana garatzen ari direla. Auzo lana: adierazten du produktua ekoiztu duen ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela. Nekazariarekiko harremana: honen bidez, nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela zehazten da. Harreman hauetan gertuko eta elkarlaneko logikak nagusitzen direla, hau da, ez da bitartekaritzarik izaten eta salerosten diren lehengaien kopuruak eta prezioak adostuak dira.
Ebaluazio dinamika batek segurtatuko du identifikatzaileak egoki funtzionatzen duela. Lehenik, ekoizleek lau balioetan oinarritutako eta 43 galderaz osatutako autoebaluazioa egingo dute. Autoebaluazio sistema hori Ebaluazio Mahaiak sortu eta gainbegiratuko du.
Boluntarioz osatutako mahai hori urtez urte berrituko da eta lehenengoa honako kideek osatuko dute: Edorta Lezaun Etxalar, Lezaun Upategi ekologikoko kidea eta CPAEN-NNPEK lehendakari ohia. Jose Ignacio Ayensa, El Escolar Kontserbak-eko kidea. Kiko Fernandez, nekazari ekologikoa, eta Bardea Olioa-ko kidea eta Hazialdeko-ko lehendakaria. Angel Iturri Ilardia, Iturri Kontserbak-eko kidea. Julio Nabarro, Ebron Kontserbak-eko kidea. Eta Mikel Mutilva eta Xanti Kiroga, Errigoraren ekoizpen arduradunak.
Euskalerria Irratiak egindako elkarrizketa honetan xehetasun gehiago ematen ditu Errigorako kide Xanti Kirogak.