Nafarroako hegoaldean euskalgintza laguntzeko ekimen gisa sortu zen Errigora 2013an, baina ez da zalantzarik beste balore asko ere sustatzen dituela, besteak beste, bertako produktua kontsumitu eta sustatu, auzolana eta balore jasangarrien inguruko komunitate zabala eratu. Kanpaina berri bati ere ekin diote.
2013ko udazkenean egin zuen Errigorak bere lehen kanpaina. “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” lelopean, Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako ia 9.000 kutxa banatu zituzten Euskal Herriaren luze-zabalean eta 112.000€ bideratu zituzten bertako euskalgintza hauspotzera.
Zalantza guztiak uxatuz, oso harrera ona izan zuen proposamenak. 30 herri ingurutan egin zuten kanpaina lehen urte hartan, eta 30.000 litro olio eta 50.000 ontzi kontserba heldu ziren 1.500 bat sukaldetara. Hurrengo lau urteetan kanpainak izan duen hazkundea ikaragarria izan da: 5 urtetan 240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu dira, eta 2018ko kanpainan 6.500 etxetan egin zuten eskaera.
Kanpainaren planteamendua, oinarrian, bere horretan mantendu da 5 urteotan. Hala ere, nabarmen zabaldu da eskaintza eta, kontsumitzaileekin batera, asko hazi da parte-hartzen duten ekoizleen kopurua. Honez gain, 2017an azpimarratzeko aldaketa bi jasan zituen kanpainak: olioa eta kontserbak bi txandatan eskatzetik guztia batera eskatzeko planteamendura pasa ziren (banaketa eta ordainketa bi txandatan mantendu arren) eta produktu guztiak ekologikoan ere eskaintzeko pausua eman zuten.
Boste urte hauetan egindako lanaren informazio ugari ikus daiteke Errigorak zabaldu duen txosten honetan.
Kanpaina berriari dagokionez, martxoaren 7tik 22ra egin ahal izango dira eskaerak, errigora.eus web gunean ala tokian toki banatuko diren eskuorriak. Dagoeneko Euskal Herriko 70 lekutan egiten dira banaketa horiek.