argia.eus
INPRIMATU
Erriberako hainbat gazte talde tiro-poligonoaren kontra elkartu dira lehen aldiz
  • Tafallaldeko eta Erriberako hamabi gazte elkartek elkarlanean jarri dute abian Ager Vasconum ekimen antimilitarista. Bardea desmilitarizatua eta ingurumena errespetatzea aldarrikatzen dute.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 26a
Ager Vasconumen aurkezpena. Argazkia: ahotsa.info.

Hamabi gazte elkartek hartu dute parte ekimenaren sorreran: Tuteran Jai!
, Kaparrotsuko Gazte Asanblada
, Tafallako Gazteak, Erriberriko Oihua
, Azkoiengo Gazteria
, Igeltsu (San Adrian, Azagra, Andosilla eta Carcarreko gazteak), Martzilla, Zarrakaztelu eta Figarolgo gazteak
, Artaxoako Gazte Asanblada
, Aldapa gazte asanblada (Sesma) eta Larragako Gazte Asanblada.

Larunbat arratsaldean prentsaurrekoa egin dute Yugoko Gure Amaren baselizan, Bardeako begiratokian, Ager Vasconum ekimen antimilitarista aurkezteko. Ekainaren 26an, 11:00etan, Bardeako informaziogunetik egingo den gazteen ibilaldira joateko deia egin dute, "Bardea herriarentzat - Beren planetara joan daitezela" lemapean.

Badira 70 urte maniobra militarrak egiten dituztela Bardeako Biosferaren Erreserban. Ohikoak dira bonba eta hegazkin militarren zaratak. Aldiz, Espainiako Gobernuako Defentsa ministro Margarita Roblesek Kongresuan ukatu berri ditu.

Naiz hedabideak  bat egin duten gazteen esanak jaso ditu: "Erriberako eta Erdialdeko gazteak gara, Nafarroa errebeldeko herrietakoak eta tiro-poligono horren aurka gogor borrokatuko dugu, gure lurraren kontra eta jende xumearen eta langileen aurka erasotzen duen guztiaren aurka borrokatzen dugun bezala".

Erriberako gazteek adierazi dute poligonoa Biosferaren Erreserban, Bardean, kokatzea "ekologiaren aurkako eraso argia" dela, baita haren inguruan bizi diren biztanleen aurkakoa ere, "gure landaredian eta faunan eragin zuzena izateaz gain, kutsatzeko arrisku handia baitago, maniobra militarretan erabilitako materialen ondorioz".