argia.eus
INPRIMATU
Erri de Luca absolbitu dute AHTren kontrako adierazpenen inguruko epaiketan
  • AHT saboteatu egin behar dela adierazteagatik auzipetu zuten Erri de Luca idazle italiarra. Zortzi hilabeteko kartzela zigor eskaera egin zuten bere aurka, hitz horiekin delituak sustatu zituelakoan. Astelehenean absolbitu egin dute.

ARGIA @argia 2015eko urriaren 19a
Erri de Luca Torinoko auzitegiara iristen. (Argazkia: Marco Bertorello / Liberation)

Huffington Postek italierazko edizioan 2013ko irailean egindako elkarrizketan esan zuen biraoa, Pello Zubiriak bere blogean kontatu zuenez: “[Galdera] Beraz, sabotajea eta bandalismoa zilegi dira? [Arrapostua] Beharrezkoak dira ulerrarazteko AHT eraikuntza kaltegarri eta alferrikakoa dela”.

Lyon Turin Ferroviaire kontsortzioak auzitara eraman zuen. Fiskalak bost urteko (ez bat, ez bi eta laurden, bost) espetxe zigorra eskatu zuen urtarrilaren 28an Torinon egindako epaiketan; gero zigor eskaria zortzi hilabetera murriztu zuen.

Epaiketaren aurrean jarrera irmoa

De Lucak iragarria zuen bere aurkako sententziarik egotekotan ez zuela errekurrituko, epai politikotzat jo baitzuen.

65 urteko idazleak ez du atzera egin bere adierazpenetan: aurtengo martxoan Ane Irazabalek ARGIAn egin zion elkarrizketan zera adierazi zuen: "Elkarrizketa horretan adierazitakoa berresten dut. Ziur naiz Turin-Lyon arteko AHT alferrikako egitasmoa dela, eta beraz, bidezkoa iruditzen zait azpiegitura sabotatzea".