Errezilgo Udalak jakinarazi duenez, aurpegia estalirik eta jarrera “oso bortitza” zuen gizon talde batek bikote baten etxeari eraso egin eta bikotea iraindu zuen. Udalak erasoa gaitzetsi du.
Errezilgo San Antonio jaietan gertatu zen erasoa, ostiraleko 22:30ak aldera. Udalak azaldu duenez, erasoa egin zuen gizon taldeak bikotearen etxeko atea behartzen saiatu zen, harriak bota zituzten leihoetara, eta “marikoiak” eta “espainol zikinak” bezalako irainak egin zizkieten. “Ez dakigu nor ziren, baina bazekiten nora zihoazen, bazekiten non bizi ziren eta haien bila joan dira”, adierazi du Luis Maria Arzalluz Errezilgo alkateak.
Udalak erasoa salatu du ohar bidez. Azaldu du ez duela mobilizaziorik deitu erasoa jasan duen bikoteak horrela eskatuta. Kaltetuekin harremanetan jarri zen, kaltetuei elkartasuna eta babesa helarazteko. “Gertatutakoa oso larria da, eta ez dugu inolako eraso homofobo, matxista edo diskriminatzailerik onartuko”, adierazi du Errezilgo Udalak. Astelehenean eraso matxista eta homofoboen aurkako protokoloan inplikatutako taldeak gertakariak aztertzeko bilera egin zuten.
Errezilgo alkateak herritarrak “harrituak” zeudela eta “zerbait egiteko beharra” ikusi zutela adierazi du. Urola Erdiko Itaia antolakundeak eraso homofoboa salatu du sare sozialetan, eta “LGTB kolektiboak egunerokoan bizi duen biolentziaren beste adibide bat” izan dela adierazi.