argia.eus
INPRIMATU
Errezilaren azal lakatza
  • Itulan dakarte sagarrek negua. Sagarrak badoaz eta negua geratzeko dator; negu tzarra desio dut uso giroko hego haize zakarreko egun hauetan. Negua gozatuko digute negu-sagarrek, jasotzeko eskuz bildu, aukeratu eta toki ilun, haizeberritu eta freskoan jarri eta zainduz iraunarazten ditugun negu-sagarrek, gorde-sagarrek, altxa-sagarrek.

Jakoba Errekondo 2023ko urriaren 23a

Berandu-sagarrak dira, jeneralean, gordetzeko jasotzen direnak, izan ere, goiz-sagarrek izango duten udazkenaren beroaren erasoak gorbezituko ditu, barrutik egosi eta usteltze bidean jarri. Ederrak egongo lirateke horiek neguaren bihotzean!

Berandu-sagarretan ere ez da edozein aukeratzen jasotzeko. Neguan erreta edo gordinik onenetan onenak egongo direnak hautatzen dira. Batzuek Urtebi Handia (Malus domestica “Urtebi Haundi”) dute gustuko, beste batzuek Mokotxo (Malus domestica “Mokotxo”), edo Txalaka (Malus domestica “Txalaka”), beste batzuek erretzeko Udare sagarra (Malus domestica “Udare”) eta gordinerako Danbolina (Malus domestica “Danbolin”); baina inolako zalantzarik gabe sona mitiko ospetsu eta gogoangarriena duena Errezil sagarra da (Malus domestica “Errezil”). Etxe bakoitzak bere ahosabaia du!

Errezila ez da gitarra jotzera joan eta hankapean topatutako alea. Makina bat urtean gustukoena hautatuz eta hautatuz gure kulturak “sortutako” kultibarra edo barietatea da. Bere ezaugarri nabarmenenetako bat azal latz edo lakatza da. Kutikularen mikro-pitzaduren ondorioz, fruituaren kanpoko epidermisak kortxozko itxura hartzen du. Zati handi batean marroi argia da, zakar punttu bat duena, eta gainontzekoa berdea, gero horituko dena. Denborarekin mami tente gogorra bigundu egingo da, ahoratzea erraztuz.

Errezilean azaleko lakatz hori ezaugarri baliotsua da eta aintzat hartzen da. Beste sagar batzuek ere badute ezaugarri hori, Udare sagarrak, Anixa sagarrak (Malus domestica “Anixa”) baita zenbait udarek ere: Konferentzia udareak adibidez (Pyrus communis “Conference”). Udare hori ekoizten den tokietan nahiago dute azalaren lakatz hori oso axalekoa izatea, eta ez balitz hobea. Azalaren marroi kolore hori hezetasunari, tenperaturari, haizeari, gaitzen eta izurriteen erasoari, ongarriketa desegokiari, itxuragabeko inausketari edota “zaintzeko” botatzen zaizkion produktu kimikoei zor zaie, besteak beste.

Iaz frutazaleek lehortea izan zuten etsai nagusi, aurten hezetasuna. Horrek azal zakarraren arazoa puztu du. Errezilzalea den kulturan onerako eta Konferentziazalea denaren kalterako. Eskerrak niri hezetasunarekin azala findu egiten zaidan. Azala izan, badut, bai!