argia.eus
INPRIMATU
Erretreten erreformari buruzko erreferenduma atzera bota du Frantziako Konstituzio Kontseiluak
  • Ekainaren 8an dute erretreta adina 62 urtetik 64ra pasa duen legea ezeztatzeko ondoko aukera. Hain zuzen, Liot talde independenteak legea ezeztatzeko aurkezturiko lege-proposamena bozkatuko dute egun horretan. Ekainaren 6rako finkatu dute hamalaugarren greba eguna sindikatuek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko maiatzaren 04a
Parisen kokaturiko Konstituzio Kontseilua. Argazkia: Wikipedia

Apirilaren 14an harturiko erabaki bera hartu dute Konstituzio Kontseiluko bederatzi kideek: erretreten erreformari buruzko erreferendumarik ez da eginen. Zergatik? Konstituzioko 11. artikuluari segi, politika sozialari buruzko testu bat izan behar duelako azterturiko legeak. Konstituzio Kontseiluaren arabera, ez da, ordea, politika sozialaren baitan sartzen erretreten erreformarena. Horrez gain, azpimarratu nahi izan dute ere erreferendum eskaera egin diotenean, apirilaren 13an, legeak oraindik zioela erretiroaren adin ofiziala 62 urtekoa zela –Emmanuel Macron presidenteak apirilaren 15ean izenpetu zuen testua–.

Ezkerreko 252 parlamentarik galdatzen zuten erreferenduma, "62 urtetik goragoko erretreta-hartzearen debekuari" buruzko galdeketa. Karrikatik zein Parlamentutik, erretiro-adina 64 urtera arte luzatu izana ezeztatzeko bide ezberdinak erabiltzen dabiltza.

Ondoko aukera: erreforma ezeztatzeko lege-proposamena

Liot talde politiko zentristak aurkeztu zuen apirilaren 20an erreforma ezeztatzeko lege-proiektua. Ekainaren 8an aztertuko dute diputatuek. Oroit gara talde honek aurkezturiko zentsura-mozioa doi-doietarik ez zela pasa martxoaren 20an –bederatzi botorengatik ez zen nagusitu erretreten erreforma ezeztatzeko aukera–. Harridura sortu zuen emaitzak, eskuinaren partetik jasotako sostengua uste baino zabalagoa izan zuelako. Bide batez, argi geratu zen Macronek duen babes eskasa.

Dena dela, lege-proposamen horrek Legebiltzarrean gehiengoa lortuko balu ere ekainaren 8an, Senatura pasako litzateke testua, eta hor, haatik, lege-proposamenak ez luke gehiengoa eskuratu beharko –alde handiarekin bozkatu zuten erretreten erreformaren alde senatariek: 193 alde, 114 aurka eta 38 abstentzio.

Kaletik presioa atxikitzea du helburu intersindikalak ere. Ideia horri segi, ekainaren 6rako finkaturik du hamalaugarren mobilizazio eguna. Maiatzak bataren biharamunean plazaratu zuten greba egun berriarena.