argia.eus
INPRIMATU
Erretreten erreformaren aurka mobilizazitzen jarraitzen dute milaka lagunek
  • 12.000 lagun inguru atera dira kalera asteartean Baionan antolatzaileen arabera, eta larunbaterako "mobilizazio erraldoia" espero dute. Hiru aste dira grebak abian direla Macronen asmoen aurka.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 08a
Astearteko mobilizazioa, Baionan (Argazkia: Kazeta.eus)

Erretreten erreformaren aurka, hirugarren greba eta mobilizazio eguna izan da asteartean Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan. Baionan 12.000 lagun atera dira kalera sindikatuen deialdiari erantzunez, antolatzaileen arabera. Poliziak adierazi du 7.000 izan direla. Intersindikalak deitutako mobilizazioari LAB eta ELB ere gehitu zaizkio. FO sindikatuko buru den Herve Larrouquertek intersindikalaren izenean hitz egin du: "Ez dugu ezer laxatuko; Frantziako Gobernua ihesbiderik gabe dago". 

Asteazkenean mobilizazio nazionala egin du LABek, Euskal Herriak pentsio sistema propioa behar duela aldarrikatzeko. Larunbaterako ere mobilizatzeko deia luzatu dute sindikatuek. Baionan 10:30ean abiatuko da, tren geltokitik. "Mobilizazio erraldoia" izango dela espero dute. 

Otsailaren 6an hasi dira erreforma proiektuari buruzko eztabaidak Frantziako Asanblea nazionalean. Iskanbila handia izan zen saio osoan zehar. Erreforma erreferendum bidez bozkatzea eskatu zuten Nupes koalizio ezkertiarrak eta RN eskuin muturreko alderdiak. RNren proposamena bozkatu zuten, eta Nupeseko diputatuek hemizikloa utzi zuten haien proposamena bozkara ez zelako eraman. Azkenean, bozketa formalaren bidea hartuko du prozesuak, diputatuek ez baitzuten eskuin-muturraren proposamena onartu; hots, 101 aldeko eta 272 kontrako bozka izan zituen proposamenak. 

62 urtetik 64 urtera luzatu nahi du erretiroa hartzeko adina Emmanuel Macronen Gobernuak, beste hainbat neurriren artean. Horren ondorioz, biztanleria pobreenaren %25 erretreta jaso aurretik hilko da Frantziako Estatuan, Gedar-en irakurri daitekeenez.