argia.eus
INPRIMATU
Erretreten erreforma pasa arren, jendetza batu da berriz ere Baionan
  • Erretreten erreformaren aurkako hamalaugarren greba eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatuko 250 bat hiritan egin dute manifestaziorako deia sindikatuek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko ekainaren 06a
Jendetza batu da Baionako karriketan ekainaren 6an. Argazkia: @Bleu_Basque

Erretreten erreforma apirilaren 14an pasa bazuen ere Frantziako Gobernuak, aurkako ahotsak indartsu eta jendetsu segitzen du. Astearte honetan Ipar Euskal Herrian eta beste 250 hiritan finkaturiko hamalaugarren protesta eguna dugu horren froga. Ehunka lagun batu dira goizean Baionako karriketan erretreten erreforma injustu horren kentzearen alde lelopean.

Parlamentutik ere bidea moztu nahi diote erreformari, Frantziako Konstituzioak dakarzkien azken aukerak baliatuz. Aukeren artean dute erreformaren deusestatzea dakarren lege-proposamenaren bozketa, ekainaren 8an eginen dutena.

Azkenik, maiatzaren 1ean izan zen erreforma horren kontrako mobilizazioa eta "herri honen [Frantziako Estatuaren] historia sozialeko egun inportanteenen artean" kokatu zuten sindikatuek. Aspaldi ez bezala, langile sindikatu guziak elkarturik dabiltza borroka horretan: CGT, CFDT, CFE-CGC, FO, FSU, Solidaires, FA eta UNSA –ahantzi gabe lekuka diren egiturak, adibidez, Ipar Euskal Herrirako LAB eta ELB–.

Erreforma indarrean, irailaren 1erako

Alta, Frantziako Gobernuak bere agendari jarraitzen dio: irailaren 1ean nahi du abiarazi aldaketa. Horretarako 30 bat dekretu eta ordenantza idatzirik ditu erreformak dakarzkien aldaketak bestelako testuetan sarrarazteko.

Hamar herritarretatik zazpi dira erretretarako adina 62 urtetik 64ra luzatzen duen erreforma horren aurka.