argia.eus
INPRIMATU
Erretirorako adina atzeratzeak gehienbat emakumeak diskriminatuko dituela salatu du ELAk
  • Beste bi hilabete atzeratu dute erretiro partziala hartzeko adina: 62 urte eta lau hilabetera arte. Aurten ere, neurri horretatik kanpo utzi ditu Espainiako Gobernuak industria sektoreko langileak, "lan nekezatzat" hartzen baititu. ELA sindikatuarentzat pozgarria da salbuespena, baina salatu du industria sektore maskulinizatua dela-eta, emakume langile asko inongo laguntzarik gabe uzten dituela.

Lide Iraola 2023ko urtarrilaren 03a
ELAk salatu du Espainiako Gobernuak laguntzetatik kanpo utzi dituela, beste behin ere, sektore feminizatuetako langileak. /Argazkia: Isabel Calvo

Espainiako Gobernuak erretiroa hartzeko adina beste bi hilabete atzeratu du 2023rako. 2011n Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak bultzatutako erreforma jarraituz, 2013tik 2027ra bitartean, urtero bi hilabete atzeratzen ari dira erretiroaren adin ofiziala, Gizarte Segurantzaren gastuak murriztea helburu.

Berdin erretiro partzialaren kasuan; lanaldi murriztua eta pentsioa uztartzeko kontratua, alegia. Beste bi hilabete atzeratuko da, 62 urte eta lau hilabetera arte; eta gutxienez 35 urte eta bederatzi hilabete kotizatuak izan beharko ditu errelebo kontratu hori nahi duenak.

Salbuespenetan, emakumeak diskriminatuta

Bestalde, 2015etik aurrera, salbuetsi egin dira erreforma horretatik industria sektoreko langileak: enpresa berean 6 urteko antzinakotasuna badute eta 33 urte kotizatuta badituzte, lanaldia %75 arte murriztu ahal izango dute 61 urte bete ondoren (60 mutualista izanez gero). Manufaktura edo muntaia industrialean lan egiten dutenak hartzen ditu barne salbuespenak.

ELAk gogora ekarri ditu zaintza eta osasun arloan pertsonak mugituz aritzen diren langileak

Horren harira, ELA sindikatuak salatu du beste sektoretako langileak diskriminatzen dituela; bereziki, emakumeak. Izan ere, azaldu du industria oso sektore maskulinizatuta dela, eta beraz, kanpoan uzten dituen sektore askotan, gehiengoa emakumeak direla. Gogora ekarri ditu, esaterako, zaintza eta osasun arloan pertsonak mugituz lanean aritzen diren emakumeak.

Sindikatuak begi onez ikusten du industriako langileek erretiroa lehenago hartu ahal izatea, baina salatu du kanpoan uzten dituela “lan nekezetan eta inongo laguntzarik gabe” aritzen diren langileak.

Espainiako Gobernuak industriako enpresa handiei men egiten jarraitzen duela kritikatu du ELAk. Erretiro partzialaren bidez, enpresek lanaldi murriztuari dagokiona ordaintzen diote langileari, eta gainontzekoa Gizarte Segurantzako pentsioetatik eskuratzen du.