argia.eus
INPRIMATU
Erretiroa 75 urterekin? PPren inguruko ekonomialariek hala nahi dute
  • “Erretiroa 75 urterekin hartu beharko litzateke, lan fisikoen kasuan izan ezik”. Jaime Requeijo UNEDeko katedradun emerituak asteazkenean esandako hitzak dira. PPren inguruko think tank garrantzitsuena den FAES fundazioari lotuta egon izan da eta Espainiako eskuinak jubilazio-baldintzak nola moldatu nahi dituen erakusteko balio lezake.

ARGIA @argia 2014ko apirilaren 03a
Erretiroa 67 urtera atzeratzeak protestak eragin ditu Espainiako Estatuan. PPren inguruko ekonomialariek gehiago atzeratu nahi dute oraindik (argazkia: La Nota Imparcial).

Madrilgo Ekonomialarien Kolegioak argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki berezia aurkezteko ekitaldian egin zituen adierazpenak Requeijok eta Publico egunkari digitalak jaso ditu. Requeijoren aburuz, erretiro adina are gehiago atzeratzea da pentsioak “bideragarri” egiteko modu bakarra.

Juan Iranzok, Madrilgo Ekonomialarien Kolegioko dekanoak, iritzi bera agertu zuen. Iranzo ere FAESekin lotuta egon izan da eta harremana dauka Espainiako Ogasun ministro Cristobal Montororekin, baita Ekonomia ministerioan agintzen duen Luis de Guindosekin ere.

Pentsioak jasotzeko adina zortzi urte gehiago atzeratzeko ideia Espainiako Gobernuaren belarrietara iritsi da harreman horien beharrik gabe ere. Izan ere, Publicon irakurtzen denez, Fatima Bañez Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza ministroa aipatutako aurkezpenean zegoen, Iranzoren ondoan, aldizkaria aurkezten.