argia.eus
INPRIMATU
Erretiro beltza

Joana Garcia Lera 2023ko maiatzaren 17a

Aiton-amonak gazte zirenean, erretiroa bizitza disfrutatzeko momentu bezala irudikatzen zen. Urteotan lan egindakoaren fruituak jasotzeko sasoia. A zer nolako satisfakzioa! Pena bat da gaur egungo gazteok horrelakorik inoiz sentitzeko gai ez izatea. Pesimista hutsa naizela pentsa daiteke, baina errealitatea guztiz kontrakoa da.

Lehen, gazteak goiz hasten ziren lan egiten, eta lanean bertan lortzen zuten esperientziari esker, enpresan gora egiteko aukera izaten zuten, zegozkien soldataren igoera barne. Horregatik, lanak iraunkorrak ziren eta kotizazioak nahikoak, jubilatzean pentsio duin bat jasotzeko modukoak.

Orain, ordea, gazteoi izugarri kostatzen zaigu lana aurkitzea, eta topatzen dugunean, lan-baldintzak eta soldatak ez dira egokiak. Askotan, legearen kontrakoak izaten dira. Gainera, urteak eta urteak ematen ditugu ikasten, beraz, lana aurkitzen dugunerako, 25-30 urte inguru ditugu. Halaber, egungo lanak ez dira batere iraunkorrak eta soldatak, maiz, barregarriak izaten dira.

Hori guztia lege berria aintzat hartu barik. Erreforma honekin, erretiroaren adin ofiziala progresiboki atzeratuko da, 2027. urtean 67 urte izan arte. Kotizatu beharreko urte kopuruan ere aldaketak ezarri dituzte erreforma berriarekin. Izan ere, 2027. urtean 38 urte eta erdi kotizatu behar izango ditugu.

Lan egindako azken 30 urteak hartuko dira kontuan pentsioen kalkulurako. Gainera, mesedea egingo digute eta gutxi kotizatutako 24 hilabete txarrenak kendu ahal izango ditugu kalkulutik. Ez dago kezkatzerik!

Erreforma honekin bakarrik lortuko dute pentsioak murriztea, eta lanera makuluarekin joatea, noski! Nor izango da gai urte horiek guztiak lan egiteko? Nork izango du lan iraunkor bat, soldata on batekin, modu egokian kotizatu ahal izateko? Nork egingo du lan etorkizunean gure pentsioak ordaintzeko?

Tamalez, galdera ororen erantzuna “inor ez” da. Kalera atera beharko ginateke eskatzeko nagusien eskubideak eta lan-baldintza duinak bermatzeko. Zahartzaro lasaia bizitzeko aukera izan behar dugu-eta.

Argi dago sistema, dagoen eta egongo den bezala, ez dela nahikoa. Ez du funtzionatzen. Europatik dagoeneko abisatu digute pentsioak planteatuta dauden modu hori jasangaitza dela epe luze batean.

Sistema denon artean berreraiki behar dugu, zahartzaroan bizi-kalitate duin eta jasangarriak izango diren politikak sustatuz. Izan ere, erretiro lasaia bizitzeko eskubidea daukagu. Egunen batean lortuko dugulakoan nago, itxaropena daukat!

Joana García, euskaltegiko ikaslea