argia.eus
INPRIMATU
Erretiro adina aurreratzeko lanuzteak deitu dituzte garraio sektorean
  • Sektoreko gidarien "egoera prekarioa" salatu eta lan baldintzak hobetzeko premia azpimarratzeko egin dituzte deialdiak CCOO eta UGT sindikatuek. Hiru sindikatuak eskaerak "oso motz" geratu direla kritikatu du. Hego Euskal Herrian 50.000 langile inguru daude sektorean lanean.

Leire Ibar 2024ko urriaren 09a
2022ko garraiolarien grebako irudi bat Eitb

Garraiolarien lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin, CCOO eta UGT sindikatuek greba deialdiak iragarri dituzte errepideko garraioan. Sei egunez lanuzteak egingo dituzte: urriaren 28an, azaroaren 11n, 18an eta 29an, eta abenduaren 5ean eta 9an. Egoera konpondu ezean, abenduaren 23tik aurrera greba mugagabea iragartzea aurreikusten dute. 

Gatazkaren muina garraio sektoreko langileen erretiro adina da. Sindikatuek patronalarekin hilabetez negoziatu dute, eta haien eskakizun nagusia garraiolarien lanbidea "arriskutsutzat" aitortzea da. Horrela, koefiziente murriztaileak ezarri nahi dituzte, langileek erretiro aurreratua hartu dezaten. UGTk eta CCOOk lan hitzarmenetan erretiro partziala jasotzea planteatu dute. Hau da, gidari gazteek ordezkatzea erretiroa hartzeko aukera duten langileak, errelebo kontratuaren bidez.

Hiru sindikatuak nabarmendu du CCOO eta UGTren planteamendua "oso motz" gelditzen dela, koefiziente murriztaileen eragina zehaztu gabe geratu dela argudiatuz. Sindikatuaren idazkari Alberto Nuñezek aipatu du garraiolari autonomoek errelebo kontraturik ez dutela, eta ondorioz planteatutako neurriak ez duela eraginik izango haiengan. Horregatik, Hiru sindikatuak erretiro adin espezifiko bat eskatzen du, 60 urtekoa, "garraiolarien justizia lortzeko". Nuñezek azaldu du ez dela “zentzuzkoa” 67 urte inguruko gidariek, umeak eta adinekoak eramatea.

Lan istripuak

Segurtasun arrazoiak ere funtsezkoak dira. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, 55 urte bete eta gero, lan istripu larriak izateko arriskua hirukoiztu egiten da garraio sektorean. Aurten, Euskal Herrian hamar garraiolari hil dira lan istripuetan, eta gehienek 54 eta 59 urte bitarteko adina zuten. “Horrek agerian uzten du adinaren eta lan istripuen arteko erlazio zuzena eta indartu egiten du erretiro adina aurreratzea eskatzeko beharra” azaldu du Nuñezek.