argia.eus
INPRIMATU
Erretiro adina atzeratzeko asmoarekin jarraitzen du Frantziako Gobernuak
  • Erretreta jasotzeko baldintzak gogortu nahi ditu gobernuak, bai eta erretiro adina 64 edo 65 urtera atzeratu ere. Baliteke erreforma dekretu bidez aplikatzea, bozketarik gabe.

Gedar @GedarLangileKZ 2022ko abenduaren 14a
Elisabeth Borne

Irailean jakinarazi zuen Frantziako Gobernuak pentsioari lotutako zenbait baldintza aldatu eta gogortu nahi dituela, erreforma baten bidez. Esangura handiena izan duen neurrietako bat da, erreformaren barruan, erretiro adina atzeratzeko asmoa duela gobernuak, nahiz eta ez duen zehaztu zenbat. Kanpainan 65 urtera atzeratzeko aukera aipatu zuen Emmanuel Macron presidenteak, baina 64 urteko epea ere aipatu izan du ordutik. Antza, Elisabeth Borne lehen ministroak aste honetan aurkeztuko ditu pentsioen erreformaren xehetasunak.

Erretiro adina luzatzen ez bada pentsio sistemak "defizit jasanezinak" izango dituela dio gobernuak. Oraingoz, badirudi baztertu egin dutela pentsioen zenbatekoa txikitzea edo gizarte kotizazioak emendatzea. Hala ere, haserrea piztu du erretiro adina berriz ere atzeratzeko aukerak; sindikatuek, esaterako, urtarrilean protestak egiteko asmoa erakutsi dute. 2010ean ere, Nicolas Sarkozy presidente zenean, erretiro adina atzeratu zuen Frantziako Gobernuak, 60 urtetik 62ra.

Oraingoan, dena den, baliteke gobernuak dekretu bidez ezartzea erreforma, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikuluaz baliatuta. Artikulu horren esanetan, gobernuak parlamentuko eztabaida eta bozketa saihestuta sar dezake indarrean halako neurri bat, dekretu batekin. Aurrekontu orokorrak ere modu horretara inposatu zituen.

Espainiako Estatuan ere martxan da erretiro adina atzeratzeko prozesua, duela bederatzi urtetik; 2017an bukatuko da adina 67 urtera luzatzeko eginbidea. Gaur-gaurkoz, 66 urte eta bi hilabete izan behar dira erretiroa hartzeko, 37 urte eta sei hilabete kotizatuta. Urtarrilaren 1etik aurrera, luzatu egingo dituzte epe horiek: 66 urte eta lau hilabete izan beharko dira, eta 37 urte eta bederatzi hilabete kotizatu beharko dira.