Espainiako Estatuan egindako ikerketa baten arabera, erretiro-adina atzeratzeak ondorio kaltegarriak dakartza, ez bakarrik lehenago hiltzeko arriskua duen langilearentzat berarentzat, baita diru-kutxa publikoarentzat ere: 8.564 eurotan baloraturiko galera soziala izango luke. "Ez du konpentsatzen", ondorioztatu du ikerketa argitaratu duen Fedea fundazioak.
Erretiro-adina atzeratzeko diskurtsoak eta erreformak etengabeak izan dira azken hamarkadotan. Populazioaren zahartzea eta pentsio sistemaren ustezko kiebra izan dira horren akuilu nagusienak, nahiz eta eragile askok azaldu duten pentsioen etorkizunak ez lukeela horrek baldintzatuta egon behar. Orain, jubilatzeko ordua atzeratzeak dakartzan beste ondorio kaltegarri batzuen inguruko ikerketa publikatu du Fedeak, Ekonomia Aplikatuko Ikerketen Fundazioak.
Espainiako Estatuan 1967an egindako lan-erreforma batetik ateratako datuak erabili dituzte ikertzaileek ondorio batera iristeko: erretiro-adina atzeratzeak lehenago hiltzeko arriskua areagotzen du, eta horrek ekonomikoki ez du konpentsatzen.
1935 eta 1955 urteen artean jaiotakoen Gizarte Segurantzako artxibo zabal batera sarbidea izan dute ikerketa egiteko, eta 1967ko erreformaren hilkortasuna aztertu dute. Hala, "lan merkatutik irteteko adina urtebete atzeratzeak nabarmen handitzen du hiltzeko arriskua 60 eta 69 urtekoen artean", diote. Gainera, arrisku hori handiagoa da, "lan fisiko, emozional eta mental estuagoetara" loturiko langileen artean.
Kalkulatu dute 0,46 urte lehenago hilez gero 8.564 euroko galera soziala ekarriko lukeela, aldiz, irabazi fiskalak 5.213 eurokoak lirateke, beraz, eragina negatiboa da
Horrek ekonomikoki zer ondorio dakartzan ere aztertu dute ikerketan: "Bizi-itxaropenarengan duen eragin kaltegarria etekin fiskalak baino handiagoa da". Zehazki, "kalitatezko" bizi-urte batek duen balio monetarioa aintzat hartuta, kalkulatu dute 0,46 urte lehenago hilez gero 8.564 euroko galera soziala ekarriko lukeela, aldiz, irabazi fiskalak 5.213 eurokoak lirateke, beraz, eragina negatiboa da.
"Azken batean, erretiroa atzeratzeak eta pentsioen ordainketen iraupena murrizteak eragindako aurrezki-fiskalek ez dute konpentsatzen bizi-itxaropenaren murrizketarekin lotutako galera soziala, eta horrek iradokitzen du erreforma ez dela ekonomikoki onuragarria gizarte-ongizatearen testuinguru zabalenean", diote Fedearen ikerketan egileek.
Horregatik, fundazioaren ustez "tentuz" diseinatu beharko lirateke jubilazioarekin zerikusia duten politikak, batez ere lan-baldintza estuagoak dituzten sektore eta lanbideen artean –fisikoak ez ezik, emozional eta mentalak ere bai–. Era berean, jubilazioa aurreratu edo jubilazio partzialak hartzeko mekanismo "malguagoak" ezarri beharko liratekeela uste dute.