argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Publikoaren eskaera gobernuari
“Ez ekarri eskularruak langileak esklabotza egoeran dauzkaten enpresa eta herrialdeetatik”
  • Koronabirusari aurre egiteko erositako eskularruak legez kanpoko baldintzetan egindako enpresetan ez erosteko eskatu du Erresuma Batuko osasun sistemak (NHS). Osasun langileak soilik ez, beraiek babesteko eskularruak ekoizten dituztenak ere babesteko eskatu dio gobernuari. Eskularru gehienak Malaysiako enpresetan ekoizten dituzte.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 23a
Eskularru fabrika baten argazkia. Argazkia: El Nuevo Día.

Konfinatuta dago Malaysia, baina eskularru fabrikak zabalik daude, munduko zenbait estatutarako materiala ekoizten. Bussiness and Human Rights Resource Centrek kaleratutakoaren arabera, hamabi orduko lanaldiak dituzte, lan baldintza txarrekin, “esklabotza mota modernoak” ezarriz.

Eskularru ekoizleen segurtasuna bermatu behar dutela gehitu du giza eskubideen aldeko erakundeak. Langileak beldur dira segurtasun baldintzak betetzen ez direlako: 45 lankide elkarrekin joaten dira lanera autobus berean, lantokiko sarrera jendez pilatuta egoten da denak batera sartzen direlako, ateak zabaltzeko hatz markak irakurtzen dituen eskaner bakarra erabiltzen dute langile guztiek… Eta guztira 10 euro ere ez dituzte irabazten egunean.

Fabriketako langile asko Nepaldik joaten dira, eta horiek beldur dira Malaysiako langileren bat kutsatuta egonez gero beste guztiak ere kutsatuko diren. Institute for Human Rights and Bussinesseko Neil Wilkinsek adierazi du langileei segurtasun tartea egotea bermatu behar zaiela, eta gobernuak langileen segurtasuna eta osasuna bermatzen direla lehenetsi behar duela.

Mafia lantokietan bertan

Malaysiako eskularru ekoizleak lan baldintza eskasetan aritzen dira, eta beren burua babesteko dirua ordaintzen diete zenbait komertzialei. Ordaintzen duten diru kantitate hori beraientzat nahiko altua denez, ez dute komertzialen menpe egotea beste aukerarik. Hori egiten duten gehienak inguruko herrialdeetatik, Bangladeshetik, Nepaletik, Myanmarretik eta Indonesiatik joandako langileak dira.

Erresuma Batuko Gobernuak horren berri baduela salatu du Andy Hall langileen eskubideen aldeko ekintzaileak, eta gobernuaren erantzuna “oso geldoa” izan dela adierazi du. Izan ere, The Guardianek kaleratutako ikerketa baten arabera, 2018an herrialdeari eskularru gehien saltzen zizkieten bi enpresek zituzten lan baldintza txarretan zeuden langile migratzaileak.