Erresuma Batuko justiziak Wikileaks-eko sortzaileetako bat, Julian Assange, AEBetara ez estraditatzea erabaki du astelehen honetan. Assangek "bere buruaz beste egiteko arriskua" aintzat hartuta erabaki du Vanessa Baraitser epaileak. AEBetako agintariak ordezkatzen dituen abokatu taldeak epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Asteazkenean Baraitser epaileak aztertuko du Assange baldintzapean libre utzi ala ez.
Epaian Vanessa Baraitser epaileak "frogatutzat" jo du Assangek bere buruaz beste egiteko arriskua duela eta hala egin dezakeela estraditatuz gero; AEBetan Assange "ia erabat isolatuta" egongo litzateke konfinamendu eta prozesu judizial luzea pasa beharko lukeelako eta hori Assangeren buru-osasun ahula areago kaltetuko luke. Horregatik errefusatu du estradizioa. Halere, defentsak Assange ez estraditatzeko aurkeztu dituen argudio guztiak baztertu ditu magistratuak, jazarpenaren motibazio politikoa barne.
AEBak ordezkatzen dituen talde legalak epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela adierazi du. Beraz, litekeena da auziak Auzitegi Nagusian eta Auzitegi Gorenean jarraipena izatea. Momentuz, kasuaren hurrengo hitzordu nagusia asteazkenean izango da. Orduan epaileak erabaki beharko du Julian Assangeri baldintzapeko askatasuna eman ala ez.
Assange segurtasun handiko kartzela batean dago Londresen, erabat bakartuta. Haren osasunaz kezkatuta, 200 bat medikuk gutuna argitaratu dute, buruaz beste egiteko arriskuaz ohartarazteko. NBEko torturari buruzko kontalari berezi Nils Melzerrek adierazi zuen "epe luzeko tortura psikologikoa jasan izanaren sintoma tipikoak" dituela.
10 urte giltzapean
Assangek hamar urte daramatza askatasunik gabe. Lehenik, etxean atxilotuta; ondoren, zazpi urte igaro ditu eguzki argirik edo aire freskorik gabe Ekuadorko enbaxadaren barruan Londresen. 2019ko apirilean kanporatu eta atxilotu zuten, kazetariaren eta bere senide eta abokatuen aurkako espioitza estrategia baten ondoren –enbaxadako segurtasunaz arduratzen zen enpresa espainiar batek kamerak eta mikrofonoak jarri zituen gela guztietan AEBetako zerbitzu sekretuek eskatuta–.
2010ean, Wikileaksek, komunikabide handi batzuen laguntzarekin, dokumentu "sekretuen" historiako filtrazio zabalenetako bat argitaratu zuen. AEBetako inteligentzia zerbitzuen 700.000 fitxategi baino gehiago, gobernu eta estatu askoren jarduera diplomatiko eta militar opako eta ankerrak agerian utzi zituztenak. Besteak beste, Iraken Abu Ghraibeko presoei AEBetako funtzionario publikoek egindako tortura basatiak eta hainbat gerra-krimen. Ezagunena, 2007ko uztaileko zibilen sarraskia Bagdaden, hamabi hildakoen artean zeuden Reuters agentziako Saeed Chmagh eta Namir Noor-Eldeen kazetariak.