argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuko iragan esklabista onartzea eta kalte ordainak ordaintzea eskatu diote Sunak lehen ministroari
  • Familia esklabista ohi batek Grenada Karibeko uharteari barkamena eskatu eta kalte ordaina ematearen harira, laboristek parlamentura eraman dute eskaria. Grenadako Erreparaziorako Komisioak horixe bera eskatu die gobernuari zein errege-erreginen etxeari.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2023ko martxoaren 10

Erresuma Batuko Gobernuak Karibeko herrialdeei barkamena eskatu beharko lieke, bere iragan esklabistagatik, eta kalte ordainak ordaindu; horixe aldarrikatu dute Alderdi Laboristako kideek parlamentuan. Clive Lewis diputatuak jarri du gaia mahai gainean, Rishi Sunak lehen ministroari eskatu baitio negoziazioak hasi ditzala britainiar esklabotza ezarritako herrialdeetan.

Esklabotzaren kalte ordainen gaia pil-pilean dagoenean heldu da eskaera: 2023ko otsailean Trevelyan familia esklabista ohiko bi kidek barkamena eskatu diote Grenada Karibeko uharteari, eta 100.000 librako kalte ordainen dohaitza egin University of the West Indies-i –Antilletako hamabost gobernuk finantzatutako unibertsitatea–.

Pauso hori eman duena, Laura Trevelyan, BBC-ko kazetaria da New Yorken, eta dokumental batean jaso du Grenadara egindako bisita. Berak jakin bazekien esklabisten ondorengoa zela: 2013an Erresuma Batuko Gobernuak publiko egin zituen esklabotza debekatu zenean beren “galerengatik” kalte ordainak jaso zituztenen datuak. Alegia, jendeak bila zezakeen beren arbasoek esklabo hartutako pertsonak zituzten edo ez. Trevelyan familiaren kasuan, 34.000 libra jaso zituen ordainetan, gaur egungo hiru milioi beste. Geogre Floyd afroamerikarraren hilketak ekarri zion kontzientzia piztea, eta ekitea erabaki zuen, azaldu duenez.

Familia aristokrata baten keinu bat baino ez da Grenadakoa. Karibeko herrialdeek beren erreparaziorako egin dituzten ahaleginak haratago doaz

Trevelyan familiaren otsailaren 27ko agerraldia entzutetsua izan da Erresuma Batuan, eta gaiari argia emateko balio izan du. Baina familia aristokrata baten keinu bat baino ez da. Karibeko herrialdeek beren erreparaziorako egin dituzten ahaleginak haratago doaz: Grenadan bertan, 2021ean sortu zuten Erreparaziorako Komisioa. “Uste dut exijitu behar dugula esklabotzatik aberastu zirenen ondorengoek onartu dezatela esklabo hartutako afrikarrei eta beren ondorengoei eragindako kaltea”, adierazi zuen Arley Gill komisioko lehendakariak.

Erresuma Batuko Gobernuari exijitu diote barkamena eskatzeko, baita errege-erreginen etxeari ere. “Errege-erreginen familiak parte oso garrantzitsua jokatu zuen esklaboen salmentan eta oro har esklabotzan. Beren erantzukizuna onartu behar dute”, esan zuen Gillek. Eta, hain zuzen ere, eskaera hori ez da berria, familia horretako kideek Karibeko herrialdeetara egin dituzten zenbait bisitatan protestak aurkitu baitituzte, esklabotzan izan duten papera onartzeko eta erreparazioak bermatzeko exijitzen.

Esklabistei ordaintzeko, zergak 2015era arte

Gillen erreparaziorako eskaerek helburu dute beren arbasoen duintasuna aldarrikatzea. Baina areago ere badoaz esklabotzaren sustraiak, duela ia 200 urte abolitutako kontua bada ere. “Inork pribilegio zuririk badu, hori neu naiz, Karibeko esklabisten ondorengoa. Nire egoera soziala eta profesionala, esklabotza abolitu eta 200 urtera, nire arbasoen egoerara lotuta egon behar da; orduan irabazitako dirua erabili baitzuten aberastasuna batu eta gizarte eskalan igotzeko”, azaldu zuen Laura Trevelyanek.

Esklabotza abolitu zenean, esklabistei kalte ordainak ordaintzea hitzeman zuen gobernuak, eta 46.000 eskaritik gora izan zituen

Ez da okerra Trevelyanen irakurketa, esklabotza 1833an abolitu bazen ere, 2015era arte bere kalte ordainekin gora eta behera aritu baita Erresuma Batua. “William Gladstone lehen ministro biktoriarraren aita esklabista zen, baita David Cameronen urrutiko ahaide bat ere. Ez da kasualitatea britainiar familia aberatsenak esklabista ohiak izatea”, gehitu du Trevelyanek. Abolitu zenean, esklabistei kalte ordainak ordaintzea hitzeman zuen gobernuak, eta 46.000 eskaritik gora izan zituen. 20 milioi libra gastatu zituen gobernuak familia horiei ordaintzen, garai horretako gobernuaren gastu osoaren %40.

Gastu hori hain zen handia gobernuarentzat, ezen ia 200 urtez ordaintzen jarraitu baitute britainiarrek. Bristol Post egunkariak kaleratu zuen 2015eko otsailaren 1ean bukatu zutela ordaintzen orduko zorra. “Horrek esan nahi du 2015eko otsailaren 1aren aurretik edozein zerga ordaindu duen edonork ordaindu duela 1833an britainiar esklabistei ordaindu zitzaizkien milioika libren zorra”, laburtu zuen Tristan Cork kazetariak.