argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuek Israel lagundu dute Gazako genozidioan
  • Espioitzarako 200 hegaldi egin dituzte EBko hegazkin militarrek urritik, eta inteligentzia datuak eman dizkiete sionistei. Britainiarren inteligentzia jaso eta analizatzeko taldeak Israelen izan dira “gerra” hasi zenetik. Urriaren 7tik sionistei armak esportatzeko 100 lizentzia baino gehiago banatu ditu Erresuma Batuak.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 13a
Netanyahu eta Sunak EBko lehen ministroa. / Argazkia: EBko gobernua.

Erresuma Batuko espia taldeak Israel laguntzen aritu dira Gaza bonbardatzen ari den bitartean, AEBetako espioiekin batera, The New York Times egunkariaren filtrazio baten arabera. Israelgo Gobernuko iturri batek onartu du bi herrialdeek eman dietela airetik eta espaziotik jasotako informazioa, baita datu zibernetikoak ere, haien kabuz lortu ezingo zituztenak bestela. Declassified UK ikerketa taldearen esanetan, Erresuma Batuko ministroen aurkako ekintza legalak abiatu ditzakete nazioarteko auzitegiek, gerra krimenetan lotura izan dezaketelako Israel babesteagatik.

Bahituak askatzeko lanetan aritu den Israelgo iturri batek The New York Times-i jakinarazi dio bi herrialdeek lagundu dietela bahituen inguruko informazioa biltzen, bahituetako batzuk naziotasun bikoitza dutelako. Aitortu du AEBek ezinbesteko informazioa eman dietela sionistei Nuseirat kanpalekuko erasoa gauzatzeko. Operazio militar bakarrean 274 palestinar hil ditu Israelek Nuseiraten, 700 inguru zauritu eta lau bahitu israeldar askatu. Israelgo iturriek diote Erresuma Batuak bahituen inguruko datuak besterik ez dituela eman, baina iturri batzuek adierazi dute susmoak daudela EBren espioitza bahituen erreskatetik harago joan ote den.

Erresuma Batuko ministroen aurkako ekintza legalak abiatu ditzakete nazioarteko auzitegiek, gerra krimenetan lotura izan dezaketelako Israel babesteagatik

Hegazkin espia britainiarrek 200 hegaldi egin dituzte Gazan Israel laguntzeko. Declassified UK ikerketa taldeak zabaldu du informazioa. 1.000 ordu baino gehiagoko grabazioak egin dituzte Gazan, baita Erresuma Batuko laguntzaile humanitarioak hil zituzten egunekoak ere. World Central Kitcheneko langileen aurkako erasoan hiru britainiar hil zituen Israelek. David Cameron Atzerri ministroak urtarrilean jakinarazi zuen bahituen artean bi britainiar zeudela, Nadav Popplewell eta identifikatu gabeko beste pertsona bat. Ordutik, Popplewell hil egin da, Israelgo aire erasoen ondorioz, Hamasek adierazi zuenez.

Erresuma Batuaren arma salmentak sionistei

Urriaren 7tik Israeli armak saltzeko 108 lizentzia banatu ditu Erresuma Batuko gobernuak, The Guardian hedabideak jakin duenez. Gobernuak hiru alditan egin dio uko arma esportazioak gelditzeari, argudiatuta legearen arabera jokatzen ari direla. Hala ere, nazioarteko erakunde ugarik eta EBko hainbat taldek salatu dute Israelek nazioarteko lege humanitarioa hautsi duela Gazan milaka pertsona hilda, eta bertan behera gelditu beharko liratekeela esportazioak. Urri aurretik emandako lizentziekin batera, 345 lizentzia daude egun indarrean EBn Israeli armak saltzeko.