Migrazioa mugatzeko plan bat aurkeztuko du Rishi Sunak lehen ministroak aste honetan: pateretan heltzen diren pertsonak Ruandara edo “herrialde seguru batera” bidaliko dituzte, eta ezingo dute asilo eskaerarik egin. 2022an 45.000 lagun iritsi ziren herrialdera Calais-eko kanaletik.
Migratzaileen aurkako neurriak gogortu nahi ditu Erresuma Batuko Gobernuak. Rishi Sunak gobernuburuak dio legez kanpoko migrazioa saihesteko erreminta izango dela plana, aste honetan aurkeztuko duena. Gobernuz kanpoko erakundeek gogor kritikatu dute erabakia.
Orain arte Erresuma Batura Frantziako kostatik pateretan ailegatzean diren migratzaileek aukera dute asiloa eskatu eta bitartean herrialdean egoteko. Hori ukatu nahi die Sunakek, Calaiseko kanaletik iristen direnak “posible bezain azkar” bidaliko dituzte Ruandara edo “herrialde seguru batera”, eta ezingo dute asilo eskaerarik egin. Are gehiago, debekatu egingo zaie etorkizunean herrialdera sartzea edota britainiar hiritartasuna lortzea, The Guardianek zehaztu duenez.
Kritika oldea eragin du Sunaken plan berriak, hala nola gobernuz kanpoko erakundeen aldetik eta oposizioko alderdien aldetik. Migrazio Zerbitzuek, esaterako, ohartarazi dute pertsonak kamioietara bideratuko dituela kanaleko sarbidea ixteak. Erresuma Baturako legezko migrazioa soilik Ukraina, Afganistan eta Hong Kongeko bide jakinetara mugatuta dago, The Guardianek gogorarazten duenez.
Egun, 160.000 pertsona daude Erresuma Batuan asilo eskaeraren onarpenaren zain. 2023an gutxienez 2.950 pertsona iritsi dira Calaiseko kanaletik, eta 2022an gutxienez 45.000 izan ziren –2021ean baino 17.000 gehiago–. 2022an gobernuak martxan jarri zuen plan bat migratzaileak Erresuma Batutik kanporatzeko eta Ruandara bidaltzeko, baina auzitegietan oztopoak jartzen ari direnez, geldirik dago.