argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuko Gobernuak Espainiara ez bidaiatzea gomendatu du, Nafarroa espreski aipatuz
  • Erresuma Batuak Espainiara “bidaia oro saihestea” gomendatu die bere biztanleei, Kanariar Uharteak eta Balear Uharteak barne.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 28a

Erresuma Batuko Gobernuak astelehenean eguneratu ditu joan-etorriei buruzko gomendioak, eta Espainiako Estatura ez bidaiatzea aholkatu du. "Eskualde askotan, baina bereziki Aragoin, Nafarroan eta Katalunian kasu gehiago daudela erakusten duten probetan oinarritzen da kontseilu hau", adierazi du Erresuma Batuko Gobernuak agiri batean, koronabirus pandemiak Espainiako Estatuan dituen arriskuen inguruan.

Erresuma Batuko Gobernuaren arabera, "dagoeneko Espainian daudenei ez die une honetan alde egiteko aholkurik ematen", eta turista horiei "beren burua eta beste batzuk hobeto babesteko tokiko agintarien aholkuei jarraitzeko" gomendatu die, "birusa kontrolatzeko martxan jartzen duten edozein neurri barne". Exekutiboak azpimarratu duenez, itzultzen diren pertsonak berrogeialdian sartu beharko dira, baina gomendioa ez da bisita "laburtzeko" aholkua.

Espainiako Gobernuaren erantzuna Pedro Sánchez presidenteak berak eman du, Telecincon egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Espainiako turismoaren sektoreak "erantzukizun ariketa bat egin du osasun larrialdiari dagokionez". Sanchezen hitzetan, aurretik ez zuten "Gobernu britainiarraren erabakien berri izan". Ondorioz, Erresuma Batuarek egindako proposamena “desegokia” dela ebatzi du Espainiako Gobernuak. Hala ere, “lanean jarraituko dugu; bi Gobernu lagun gara. Elkarri ezer aurpegiratu baino lehen, oreka puntu bat bilatzen saia gaitezen".