argia.eus
INPRIMATU
Rachel Thompson, Reclaim the Power
"Frackingaren aurkariok irrazionalak garela dioen propaganda ia inork ez du sinesten”
  • Rachel Thompson Manchester inguruan bizi da (Ingalaterra), frackingak mehatxatutako eremu batean. Astelehenean, Frackanpadaren hasiera ekitaldian, ekimenaren aurkezle lanak egin zituen Thompsonek. “Jakin badakigu borrokaren hurrengo zikloa aurrekoak baino zailagoa izango dela, baina batera lan eginda mugimendu sendoa ehuntzeko gauza izango gara”, adierazi du. Harekin mintzatu gara Frackanpadak erdi lanak betetzear dituenean.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko uztailaren 16a
\"Frackingaren segurtasuna oso araudi zorrotzak bermatzen duela esaten ari dira Erresuma Batuan; AEBetako gezur berak...\" (Arg.: Unai Brea)

Zein da frackingarekiko egoera Erresuma Batuan?

Herritarren mobilizazioari esker, Lancashire konderriko gobernuak haustura hidraulikoarekin jarraitzeko baimena ukatu dio Cuadrilla konpainiari. Lancashiren izan zen, hain zuzen, bi urteko moratoria eragin zuen lurrikara. Nire eskualdean, berriz, esplorazio saio bat egin zuten 2013an. Sei hilabetez jardun zuten, eta bilatzen ari zirena aurkitu zutela esan zuten; 2014an itzuliko zirela iragarri zuten, baina gaurdaino ez dira bueltatu.

Zer arrazoi eman dituzte Lancashireko agintariek baimena bertan behera uzteko?

Aurkakotasun handia izan zen herrian, baserritarrak traktoreekin protesta egitera joaten ziren hirira, milaka sinadura bildu ziren… Alkateek aintzat hartu zuten herritarren nahia, eta frackinga errefusatu zuten. Lurrikaren eragina? Tira, 2011n, lurrikaretako baten ostean, bi urteko moratoria ezarri zitzaion frackingari Erresuma Batu osoan; horrek geure burua prestatzeko denbora eman zigun. Moratoria agortutakoan, esplorazioak hasi ziren Sussex konderriko Balcombe herrian, eta milaka lagun joan ziren protesta egitera. Bestalde, Ingalaterran frackinga egin nahi duten enpresek finantza-zailtasunak dituzte, euren akzioen balioa asko jaitsi baita.

Noraino du sendotasuna Lancashiren debekuak? Eskumen nahikoa badu?

Enpresek jo lezakete gobernu zentralarengana, erabakia deuseztatu dadila eskatuz, eta Londresek aldaraz lezake Lancashiren debekua, baina hori egingo balute bertako demokraziaren aurka ariko lirateke. Horrek gure mugimendua indartzea eragingo luke.

Londresko Gobernuak frackingaren alde egin du nabarmen. David Cameronek esan zuen haren aurka egotea irrazionaltasunez jokatzea dela, zientziak haren segurtasuna bermatzen duela.

Esaten dute frackingik gabe Erresuma Batuan argindarra agortuko zaigula, energi baliabide konbentzionaletatik berriztagarrietaranzko trantsizioa egiteko ezinbestekoa dugula haustura hidraulikoa… Eta haren segurtasuna oso araudi zorrotz batek bermatzen duela; AEBetan darabiltzaten gezur berak. Dena dela, aurkariok zorro irrazionalak garela dioen propaganda ia inork ez du sinesten. Frackingaren aurkako jarrera oso zabalduta dago, herritar arruntak dira frackingaren auka daudenak, ez zoro talde bat.