argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuan ere COVID-19aren aurkako txertoa gizakiekin frogatzen hasi dira
  • Erresuma Batuko Oxford unibertsitateko Jenner institutua da Europan gizakiekin koronabirusaren aurkako txerto baten frogak egiten ari den lehen zentroa. Hilabete batez frogatuko dute pazienteekin eta dagoeneko 1.000 boluntario aurkeztu dira, 18 eta 50 urte bitartekoak.

2020ko apirilaren 19a

Lehenbiziko fase horretan txertoak funtzionatuko balu, zaurgarriagoa den populazioarekin frogatuko litzateke, eta dena ongi aterako balitz, udazken honetarako prest egon daiteke, ikerlariek albiste agentziei adierazi dietenez.

COVID-19aren aurkako txertoa aurkitu nahian dabiltzan laborategietako bat besterik ez da Erresuma Batukoa, mundu osoko ikerlariak ari baitira gaitzaren kontrako formularen bila. Txinan, adibidez, garatu duten txertoa dagoeneko gizakiekin egiten ari diren frogen bigarren fasean sartu da: 80 urtetik gorako pertsonekin frogatzera iritsi dira.

Aurretik inoiz ikusi gabeko erritmoak dira: gaixotasun baten txertoa aurkitzeko, egoera normal batean, bost edo hamar urte egin behar izaten da lan –kasurik onenetan, hamabi edo hemezortzi hilabete–.

Baina laborategietatik esperantzarako mezuak zabaltzen ari badira ere, Txertoen Nazioarteko Institutuak animoak pixka bat baretu nahi izan ditu. Jerome Kim, erakunde horretako zuzendari nagusia, beste aukera batzuez ere aritu da hedabideen aurrean: HIESarekin edo tuberkulosiarekin bezala gerta daiteke koronabirus honekin, eta agian ez da posible izango txerto baten bidez guztiz suntsitzea. Gaixotasuna pasa ondoren osatu diren pertsonen indize altuak, hori bai, immunitatea aurkitzeko esperantza ematen du, Kimen ustez.