argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuan datorren astean hasiko dira COVID-19aren aurkako lehen txertoak jartzen
  • Erresuma Batua da koronabirusaren aurkako txertoa onartu eta erabiltzen hasiko den Mendebaldeko lehen herrialdea. Gobernu britainiarrak aurrea hartu dio AEBetakoari Pfizer farmazeutika estatubatuarraren eta BioNTech enpresa alemaniarraren txertoari argi berdea emanez.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 02a
Osasun alorreko langileak izango dira txertoa jasoko duten lehenbizikoak.

Boris Johnsonen Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, txertoa larrialdietan erabiltzeko baimena eman du. Hasiera batean, ospitaleetako osasun-langileek jasoko dute txertoa. Armadak koordinatutako zentro berezietan ere eman ahal izango da, herrialdeko hainbat tokitan. Datorren astean, 800.000 dosi egongo dira eskuragarri, Matt Hancock Osasun ministroaren arabera.

Erresuma Batuak 10 milioi dosi eskatu ditu hilabete honetan bost milioi pertsona immunizatzeko (txertoak bi dosi behar ditu), baina Hancockek BBC 4 irratian egindako elkarrizketa batean esan duenez, kopuru zehatza Belgikan egiten den farmazeutikaren fabrikazio-ahalmenaren eta dosiak ziurtatzearen araberakoa da (lote bakoitza aztertu eta erabili aurretik baimentzen da).

"Txertaketaren zatirik handiena datorren urtean izango da", esan du. "Orain konfiantzaz esan dezakegu udaberritik aurrera gauzak hobeto joango direla". Aldi berean, ministroak gogorarazi du hilabeteak geratzen direla oraindik biztanleriaren zati handi bat birusetik babestuta egon arte: "Egunsentia ikus dezakegu urrutira, baina goizera arte iritsi behar dugu".

Horregatik, mugarria izan daitekeen erabakia gorabehera, Erresuma Batuko Gobernuak txertoaren iragarpena baliatu nahi izan du herritarrei eskatzeko jarrai dezatela agindutako segurtasun-neurriak betetzen. Asteazken honetan amaituko da konfinamendua Ingalaterran, baina tokiko murrizketek bere horretan jarraitzen dute.

"Txertaketa programaren arrakastari laguntzeko, ezinbestekoa da mundu guztiak bere papera jokatzen jarraitzea. Birusa gehiago murrizteko eta Osasun Publikoari gainezka egin gabe lan egin dezan laguntzeko beharrezkoak diren murrizketak errespetatu behar dira", esan du.