Erresuma Batuko Gobernuak iragarri du 2040tik aurrera galarazi egingo dituela gasolinazko motorrekin edo dieselarekin dabiltzan auto berriak. “Ezin dugu gasolina eta gasolio bidezko autoekin jarraitu, batetik osasun arazoak sortzen dituztelako, bestetik klima aldaketa azkartzen dutelako”, esan du Michael Gove Ingurumen ministroak.
Neurriaren jatorria epaitegiek Theresa Mayren gobernuari emandako agindu bat da, zeinaren arabera exekutiboak plan bat egin beharko duen Erresuma Batuko kutsadura atmosferiko larriari aurre egoteko. Beste neurri batzuen artean, Govek iragarri du autobus guztien eraberritzea edota gidariei gune jakinetan ibiltzeko debekua ezar litezkeela.
Erregai fosilak darabiltzaten autoak debekatuz, Erresuma Batuak bat egin du Frantziarekin, Parisek uztail hasieran iragarri baitzuen orain Londresek iragarri duen neurri berdin-berdina. Michael Gove britainiar ministroaren esanetan, “auto elektrikoranzko aldaketa zantzuak gero eta argiagoak dira”. Hala ere, ez du azaldu auto mota batetik besterako trantsizioa nola egingo den.