Londresko alkate ohiaren ustez, Brexitak “migrazio politiken kontrola errekuperatu, eta komertzioaren nahiz industriaren beharrak” aseko ditu.
"Herrialdearentzat ez da mehatxua, urrezko aukera bat baizik”. Modu horretan deskribatu du Brexita Boris Johnson Londresko alkate ohiak, The Daily Telegraph egunkarian idatzi duen zutabean. Johnsonen ustez, erabakiak ekarriko duen aldaketa bakarra “Erresuma Batua EBren legedi ilunetik” ateratzea izango da. Europar Batasuna uztearen aldeko kanpaina egin du Johnsonek.
Erabakiak “Europako merkatu bakarrean jarraitzea” eta “hazkunde ekonomikoan dauden herrialdeekin merkataritza askeko itunak sinatzea” ahalbidetuko duela zehaztu du. Hala, gobernuak “migrazio politiken kontrola errekuperatuta, komertzioaren eta industriaren beharrak” aseko dituela uste du.
Johnsonek dioenez, “Erresuma Batua beti izango da potentzia europarra”. Hala, “kanpo politikatik hasi eta terrorismoaren aurkako borrokaraino” lidergoan jarraituko duela iradoki du, “iritzi sendoak eskainiz”. Ukatu egin du Brexitak isolamendua dakarrenik: “Britainiarrek EBn lan egiten, bizitzen, ikasten eta etxeak erosten jarraitu ahalko dute”.
Bestalde, azaldu du EB uztearen aldekoek “gertuko izan eta zubiak eraiki” behar dituztela batasunaren aldekoekin, etorkizunaren inguruan “sentimendu nahasiak dituztelako batzuk”. Johnsonen ustez, emaitzak ez du zerikusirik immigrazioarekin, eta “kontrola” jo du Brexitaren alde bozkatzeko arrazoi nagusitzat: “EBko sistema demokrazia britainiarra kaltetzen ari zen sentsazioa zegoen”.