argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuak “deitoratu” du duela 250 urte Zeelanda Berrian maoriak hil izana
  • Inperio britainiarreko kapitain James Cook Zeelanda Berrira heldu zenetik 250 urte bete direla ospatzen ari dira. Urriaren hasieran Erresuma Batuko Gobernuko ordezkari batek lehen aldiz maoriak hil izana “deitoratu“ du. Hitz hutsak direla salatu dute maorien komunitateko zenbait kidek.

Axier Lopez @axierL 2019ko urriaren 09a
James Cook kolonizatzailearen omenezko estatua iaz kendu zuten Gilsborne hiritik. Argazkia: Gisborne Herald

Aotearoa –haien lurrentzat maoriek darabilten izena–, egungo Zeelanda Berriko lurrak, Britaina Handiko inperioaren menpe jartzeko prozesua James Cook kapitain konkistatzaile ezagunak egin zuen. Cook Zeelanda Berrira iritsi izana ospatzeko ekitaldi ofizialak antolatu dituzte eta polemika eta maorien protestak eragin ditu.

Testuinguru horretan, Zeelanda Berrian Erresuma Batuko goi komisario Laura Clarkek maorien hilketak deitoragarriak direla adierazi du, Iwi etniako maoriekin Gisborne hirian egindako bilkura batean. Cooken lehorreratzea omentzeko urtero egiten diren ospakizunak baino egun batzuk lehenago egin ditu Clarkek adierazpenak.

Laburbilduz, orain dela 250 urte Britaniar Inperioak egindako sarraskietako bat “deitoratu” du gobernuak pribatuan, aho txikiarekin eta barkamena eskatu gabe. Eta ondoren James Cooken eta haren espedizio armatuaren aldeko ekitaldiak diruz laguntzeaz gain, haietan parte hartuko dute gobernuko ordezkariek.

 

 

Tina Nagata. Argazkia: Robert Kitchin

 

 

Tina Ngata maorien eskubideen aldeko abokatua da eta Cooken aldeko ospakizunen aurka antolatzen ari diren ekimenetako kidea da. Haren ustez, ingelesen hitzak ez dira nahikoak, ezin duzu ospatu kolonizatzaileen etorrera eta adiskidetzearen alde hitz egin”. “Cook hiltzailea izan zen, inbaditzaile bat eta bera izan zen Inperio britainiarraren hedapenaren abangoardia”, esan du. “Jakina, supremazista txurientzat lurren lapurraren etorrera ospatzea gauza handia da, horregatik guk egingo dugu protesta”.

Maoriak protestak antolatzen ari dira egunotan James Cooken lehorreratzeari aurre egiteko. Konkistatzailearen figura laudatzearen aurkako ekimenak ez dira berriak. Iaz, Gisbornen haren omenezko estatua kendu zuten.

Ordu erdiko bakea

Egungo Gisborne hiritik gertu dago Turanganui ibaia eta han egin zuten topo lehen aldiz orain dela 250 urte Inperio britainiarraren konkistatzaileek eta maoriek. 16:00ak aldera heldu ziren, eta ordu erdi geroago Maorien Ngāti Oneone taldeko Te Maro buruzagia hil zuten. Ordu batzuen buruan beste zortzi maori hil zituzten europarrek. Indigenen eta gizon txurien arteko lehen elkartzearen emaitza, ondoren etorriko zen arpilatzeen eta sarraskien aurrekaria izan zen.