argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batua migratzaileak Ruandara deportatzen hastekoa da asteartean, protesta artean
  • Lehen hegazkina asteartean irtetea aurreikusita dute eta hura gelditzea eskatzen duten elkarretaratzeak antolatu  dituzte eragile sozialek.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 13a

Erresuma Batuak migratzaileak hegazkinez kanporatuko ditu herrialdetik. Ruandara bidaliko dituzte eta bertan errefuxiatu moduan hartuko dituzte. Hegazkin horiek gelditzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte, azkena lehen hegazkina irten baina egun bat lehenago.

Brexit-a bozkatu zen erreferendumaren kanpainan Boris Johnsonek aipatu zuen, migrazioa gelditzeko neurriak hartuko zituela. Hain zuzen ere migrazioaren aurkako politika egin zuten, “Europak huts egin digu, berreskuratu ditzagun gure mugak” lelopean.

Elkarretaratzeak antolatu dira hainbat hiritan hegazkinak irtetearen aurka. Asko izan dira neurri honen aurka posizionatu diren herritarrak, sindikatuak eta hainbat ezagun britainiar  —Canterboury-ko apezpiku bat eta The Times egunkariak emandako esklusiba baten arabera Carlos Printzea, besteak beste—.

Akordioaren puntuak

Ruanda eta Erresuma Batuak akordioa erdietsi zuten bigarren herrialdera legez kanpo heldutako migranteak lehenera hegazkinez bidaltzea apirilaren 14an argitaratu zen gov.uk Erresuma Batuaren orrialdean eta harrabots handia sortu zen.

Ruandak jasoko dituen errefuxiatuen arteko “zaurgarrienak” Erresuma Batura bueltan bidaliko dituztela aipatzen da akordioan, baina pertsona bat zaurgarri moduan identifikatzeko bete beharreko puntuak zein diren ez da zehazten.

Akordioak bost urte iraungo ditu eta epea amaitzean berritua izan daiteke, hala eskatuz gero, urte batez.