argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batua ez dela hizkuntza gutxituak sustatzen ari salatu du Europako Kontseiluak
  • Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna sinatu badu ere, Erresuma Batuak ez ditu bete itunak ezartzen dizkion betebeharrak. Kornubiera, Irlandako gaelera eta Ulsterko eskoziera dira kaltetuak, Europako Kontseiluak argitaratutako txostenaren arabera.

Axier Lopez @axierL 2020ko irailaren 11
Gaelikoaren aldeko kideak Stormont aurrean 2017an. Argazkia: RTE

Europako Kontseiluak egindako txosten baten arabera, Erresuma Batuak ez ditu bere agindupeko lurraldeetan mintzo diren hizkuntza gutxituak babesten, "ez eskoletan, ez komunikabideetan, ez bizitza publikoan eta ezta instituzioetan ere". Hala, Erresuma Batuko Gobernua uko egiten ari zaio hizkuntza gutxituak sustatzearen alde Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean sinatu zuenari.

Kontseiluaren txostena bereziki kritiko mintzo da Irlandako gaelikoaren estatusari buruz unionisten eta errepublikarzaleen arteko gatazka konpontzeko Ipar Irlandako eta Erresuma Batuko exekutiboak izandako porrotarekin, Ostiral Santuko bake akordioaren bidez sustatu beharko litzatekeena. Gaelikoak Ipar Irlandan duen egoerari buruzko eztabaidek pisu garrantzitsua izan zuten 2017an, Stormonten boterea partekatzen zuen exekutiboaren zatiketan. Europako Kontseiluak "funtsezkotzat" jo du Irlandako gaelikoa tentsio politikoetatik askatzeko Stormonten hizkuntza horri buruzko lege bat ezartzea.

Kritika gogorra luzatu dio Kontseiluak Erresuma Batuko Gobernuari kornubierarekiko –bretoierarekin lotutako hizkuntza– adierazi duen “inakzioaz”. Usadiozko azken hiztuna XIX. mendearen bukaeran hil zen arren, XX. mendean kornubiera berpiztea lortu zuen nolabait. Gaur egun, ordea, 3.000 inguru dira kornubieraz zailtasunik gabe hitz egin dezaketenak. Horregatik, Europako Kontseiluak hizkuntza sustatzeko ardura eta finantziazioa Kornuallesi transferitzea eskatu du. Kornubiera bizitza publikoan aztertzeak eta sustatzeak "lehentasuna" izan behar duela gehitu dute txostenean.

Txostenak gaineratu du Eskoziako behe lurretan hitz egiten den eskoziera ez dela behar bezala irakasten, ikasten eta sustatzen ari. Era berean, gaelikoak oraindik "finantziazio eta programazio handiagoa" behar duela diote.

Man uhartean Manxeko gaelikoaren berpizte "ikaragarria” azpimarratu du txostenak, eta galesa ospitale eta arreta-zentroetan, lanbide-heziketan eta gobernuan gehiago erabiltzeko gomendio luzatu du.

The Guardian egunkariak jaso duenez,  Erresuma Batuko Gobernuak adierazi du kornubieraren hiztunei Eskoziako gaelikoaren, irlandar eta galestar hiztunen "babes-maila bera" eman diela jada. Gaelikoa sustatzeko ekimen gehiago egiteko Kontseiluak egindako deiari erantzunez, Eskoziako Gobernuko bozeramaile batek baieztatu du "gomendioak kontuan hartuko zituztela". Ipar Irlandako Gobernuarekin hitz egin dute erantzun bat lortzeko.