argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batua gutxienez hiru asterako itxialdian sartu da
  • Erresuma Batuko Gobernuak konfinatzeko agindu die bere herritarrei, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko. Etxetik atera ahalko dute janaria edo botikak erostera, kirola egitera eta lanera, etxetik ezin badute lan egin.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 24a

Boris Johnsonek martxoaren 23 iluntzean egin du agerraldia, toryen eta laboristen presioak jaso ostean. Urtarrilaren 31n detektatu zuten Erresuma Batuan lehen kasua, eta 335 pertsona hil dira oraingoz. Italiako hedapen patroi antzekoa jarraitzen ari da gaitzaren hedapena, baina bi asteko atzerapenarekin.

Koronabirusaren aurrean estrategia aldaketa

Orain arte mugikortasunik ez mugatzearen alde egin du Johnsonek, helburu izanik gizartearen zati ahalik handienak gaitza pasa eta honekiko inmunitatea garatzea. Komunitate zientifikoak ez zuen ongi hartu bere proposamena, horrela jasoa dute 240 zientzilarik sinaturiko gutun irekian. Geroago The Guardianek argitaratu zuen bide hori jarraituta urtebete luzatuko zela koronabirusaren hedapena eta herritarren %80ra iritsiko zela.

Neurriak zorroztuz joan da Erresuma Batua: martxoaren 18an ikastetxeak itxi zituzten eta bi egun beranduago jatetxeak, gimnasioak, tabernak eta zinemak ixteko agindu zuen lehen ministroak. Johnsonek adierazi zuenez: "Birus honen gailurra geldiarazteko herri gisa esfortzu handi bat egiten ez badugu, ez da izango munduan osasun sistemarik aurrea egin ahal izango dionik".