Erresuma Batuko Gobernuak gasa lurpetik erauzteko fracking sistema onartu du, baita parke naturaletan eta babestutako beste zenbait eremutan ere. Talde ekologisten protestak ugari izan dira: landazabal ingelesaren %64 zulatu dezaketela salatu dute.
Bi urte dira David Cameronen gobernuak frackingari argi berdea eman ziola. Lancashire konderrian arbel-gasaren prospekzioekin batera jazo ziren bi lurrikarek eragindako alarma sozialak, ordea, praktikaren ezarpena atzeratu dute. Orain gobernu britainiarrak gasa erauzteko sistemari ate guztiak ireki dizkio. Industriak beso zabalik jaso du albistea.
Matthew Hancock Energia Ministro britainiarraren esanetan, “arbel-gasaren erauzketak segurtasun energetiko handiagoa” emango dio herrialdeari, eta lanpostuak sortu eta ekonomia hazteko balioko du.
Bere esanetan, frackinga abian jartzeko prozesua azkartzea erabat bateragarria da parke naturalak babesteko planekin. Hala ere, kontuz jardun beharra dagoela adierazi du, “arriskuak minimizatuz”.
George Osborne Finantza Ministroak, “Europako erregimen fiskalik onena” agindu du sistema polemikoaren ustiaketetarako.
Talde ekologisten kritikei entzungor
Talde ekologistek, tartean Greenpeace eta Friends of the Earth, gogor kritikatu dute gobernu ingelesaren erabakia, frackingaren arriskuez ohartaraziz. Besteak beste, akuiferoen kutsadura eta sortu ditzakeen lurrikarak.
Gobernuak azaldu du erauzketa ororen aurretik ingurumen-inpaktua aztertuko dela eta konpainiak komunitate lokalekiko “interes publikoa eta sentsibilitatea” izatera behartuko dituztela. Sussex konderrian probatuko dute eltzea sutan; Celtique Energie konpainiaren ustiaketek South Downs Parke Nazionalean kalteak eragin ditzakeela ohartarazi baitute talde ekologistetako kideek.