Jarrera sexistak, klasistak, arrazistak eta homofoboak salatu dituzte, besteak beste. Eskualdeko ostalariei dei egin diete ekimenarekin bat egiteko. Kanpainarekin atxikimendua adierazteko epea urtarrilaren 31n amaituko da.
Baztango eta Bidasoako ostalariek kanpaina bat abiatu dute jasandako errespetu faltak direla eta. Azkenaldian istiluen kopurua nabarmen igo da, eta arazo hauek ikustarazi eta jorratu nahi dituzte. Besteak beste, errespetu faltak, jarrera sexistak, klasistak, arrazistak eta homofoboak salatu dituzte.
Kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina hasteko, ostalariak harremanetan jarri dira eskualdeko instituzio publikoekin, eta dagoeneko elkarlanean hasi dira Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi, Malerreka eta Bortzirietako udalekin, eskualdeko Mankomunitateekin, Baztan-Bidasoa Turismo elkartearekin eta Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkartearekin.
Eskualdeko ostalari guztiei gutun bat bidali diete Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak eta udalek, ekimenaren berri emateko eta atxikimendua eskatzeko, babes masiboa lortu nahi baitute ekimenerako. Urtarrilaren 31n amaituko da ostalariek atxikimendua adierazteko epea. Horren ondoren aurkeztuko dute kanpaina prentsaren aurrean.
Kanpainan parte hartzeko edo xehetasunak jakiteko aukera dago info@baztan-bidasoa.com helbidera idazteko, eta telefonoz deitu daiteke 948 59 23 23 zenbakira, 10:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.