argia.eus
INPRIMATU
Erresistentziatik eraikuntzara, Ikasle Abertzaleak hezkuntza eredu propioaren alde
  • Ikasturte berrirako irakurketa egin dute Ikasle Abertzaleek, eta euskal hezkuntza sistemari eragingo dioten bi erreforma nagusiak izan dituzte aipagai: LOMCE eta Unibertsitate erreforma. Hezkuntzaren "merkantilizazio eta elitizazioan" sakonduko duten bi erreforma horien aurrean, "inoiz baino garrantzitsuagoa da ikasleria antolatzea, ahalduntzea eta borrokarako prest egotea", diote.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko irailaren 08a

Inflexio puntu garrantzitsuaren aurrean gaudela iritzi dio kolektiboak, hezkuntza eredu propioaren alde egiteko. "Erresistentzia fase batetik eraikuntzarako norabidean kokatzea beharrezkoa da, orain arte eramandako konfrontazio parametroak guztiz aldatuz. Hau da, erantzun planoan egindako mobilizazio eta diskurtsoez harago, eragiteko eta baldintzatzeko gaitasun handien daukagun eremuan lan egingo dugu: heziguneetan".

Hain juxtu, politikarietatik heziguneetara aldatu nahi dute fokua Ikasle Abertzaleek, ikastetxeetan daudelako "hezkuntza sistema honen inposizioak praktikoki aplikatzen dituzten arduradunak. Ondorioz, hezkuntza sistemari aurre egiteko eta alternatiben eraikuntzari bide emateko eremurik eraginkorrena heziguneak dira". Eta horretarako, desobedientzia eta intsumisioa "ezinbesteko tresna" izango dituzte.

Hezkuntza eredu propioa eraikitzen

Dagoeneko, beste hainbat hezkuntza eragilerekin elkarlanean, Euskal Herriarentzako hezkuntza eredu propioaren alde lanean aritu da kolektiboa. Horren adibide dira LOMCE desobeditzeko eta Euskal Herrian hezkuntza propioa eraikitzeko Gure Gida, eta herrietako Hezkuntza Mahaiez osaturiko Hezkuntza Plataformen Topagunea.