Etxeko langileetako batzuek lana galdu dute koronabirusaren krisi honetan. Soldataz gain, lo-tokia ere galdu dute, lan egiten zuten leku berean bizi baitziren. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat elkartek erresistentzia kutxa jarri du abian 65 langileri hilabeteko alokairua ordaintzen lagundu ahal izateko.
13.000 euro lortu nahi dituzte gutxienez. Kopuru horrekin 65 etxeko langileri 200 euroko bonoa emango liekete hilabeteko alokairua ordaindu ahal izateko. Erresistentzia kutxa abian jarri duten elkarteek argitaratutako oharrean kontatzen dute nola elkarteen presioari esker Espainiako Gobernuak iragarri duen enplegurik gabe geratzen diren etxeko langileek soldataren %70 berdinduko duen subsidioa izango dutela. Bada, Gizarte Segurantzan alta emanda daudenak bakarrik onartuko ditu onuradun gisa, eta kanpoan utziko ditu ezkutuko ekonomiara bideratutako langileak, alegia kontraturik gabe lanean ari direnak.
Ekimen hau ondoko elkarteek jarri dute abian: Feministas por Nicaragua-Euskal Herria Elkartea, Mujeres con Voz (Getxo) Elkartea, Mujeres Tejiendo Red Elkartea eta Trabajadoras No Domesticadas. Laguntzaileak dira: Fondo de Mujeres Calala, Pikara Magazine eta Sortzen Kontsultoria. Dohaintza egin nahi izanez gero jo lotura honetara.