argia.eus
INPRIMATU
Erresistentzia kanpaldi mugagabea abiatu du Getxoko Tosu betirako plataformak
  • Hiru solairu eta 300 plaza izango dituen aparkalekua eraikitzen hasiko dira Getxoko Ibarbengoa metro geltoki ondoan. Egun Getxon dagoen azken landa gunera "porlana eta espekulazioa” ekarriko dituela salatu du Tosu betirako plataformak, haren ustez, bestelako azpiegituren aurrekari izan baitaiteke aparkalekua.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 13a

Urtarrilaren 12an ekin diote erresistentzia kanpaldiari. Adierazi dutenez, jendartean etsipena nagusi dela jakin arren, Getxoko Andra Mariko paisaia betetzen duen “garabi izurria” gelditzeko garaia dela uste dute.

Andra Mari auzoan 8.000 etxebizitza eraikitzeko plana aurkeztu zuen Getxoko Udalak 2007an. Herritarrek egindako protesten eta krisi ekonomikoaren eraginez, bertan behera gelditu zen proiektua. Hala ere, Ibarbengoa metro geltokia eraiki zuten 2010ean auzoan, eta zazpi urte igaro diren arren, oraindik ez dago erabilgarri. Plataformaren iritziz, “Getxoko lur eremu bakarra urbanizatzeko lehen harria” jarriko du aparkalekuak.

Proiektua salatzeko erresistentzia kanpaldian hainbat ekintza prestatu ditu plataformak; bertso afaria, mahai-ingurua, hitzaldiak, kontzertuak eta tailerrak, besteak beste. Euren webgunean irakurri daiteke egitarau osoa.

Antolatzaileek dei egin diete herritarrei kanpaldian parte hartzeko, “lur honen gaineko istorioak porlanez idatzi ordez, bizipozez idatz daitezen”.