argia.eus
INPRIMATU
Erresidentzietako senideen elkarteek elkarrekin egingo dute lan kalitatezko arreta eskatzeko
  • Helburu bat dute Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hiru elkarteek: egoitzetan dituzten senideen eta lagunen zaintzan eta arretan kalitatea hobetzea. Horretarako gero eta interes gutxiago dagoela uste dute eta elkarrekin lanean hastea erabaki dute.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 28a
Otsailaren 22an elkartu ziren hiru elkarteetako kideak Donostian.

7. Alaba (Araba), Babestu (Bizkaia) eta Gipuzkoako Senideak dira EAEko hiru herrialdeetako elkarteak. Elkarteetako kideen senideak eta lagunak adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan daude. Otsailaren 22an elkartu ziren hiru elkarteetako kideak eta diagnostiko bera egitera heldu ziren. Ateratako ondorioen arabera, egoitzen kudeaketan irizpide ekonomizistak dira nagusi eta kalitatezko arreta soziosanitarioa eskaintzeko gero eta interes gutxiago dago. Adierazi dute langileak eta materiala falta direla, elikadura kaskarra dela eta langileak lan-baldintza txarretan ari direla.

Lan plan bateratua egin dute. Gipuzkoako egoitzetako lan gatazkari behin betiko konponbidea ematea lehentasuntzat dute. Herrialde horretako langileek 225 greba egun baino gehiago egin dituzte. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailari laguntza eskainiko diotela adierazi dute, “sailburuak zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta horien inguruko irabazizko negozioak ezabatzeko neurriak hartzeko prest daudela iragarri ondoren”.

Bizkaiko egoitzetako langileek 378 eguneko greba egin zuten 2016 eta 2017 urteetan. Grebalariek egoiliarrentzako kalitatezko zaintza eskatzen zuten, eta era berean, langileek lan-baldintza duinetan lan egitea. Greba hartan lortu zuten mezua transmititzea: langileak ez badira ari baldintza egokietan lanean, nekez egongo dira ondo zainduta egoiliarrak. Greba betean sortu zen Bizkaiko egoitzetako senideen elkartea, Babestu. Grebalariek begi onez hartu zuten elkartearen sorrera, are gehiago, haien ustez presio lana egin zuen patronalen eta Foru Aldundiaren aurrean eta sektorearen eta egoiliarren errealitateak mahai gainean jartzeko balio izan zuen.