Patronalaren aldetik ez dute aurrerapausorik ikusten Nafarroako lehenengo hitzarmenaren negoziaketan. ELA, UGT eta LAB sindikatuek borondate politiko falta kritikatu eta itunpeko esleipenetan ezartzen diren minimoak hobe daitezen exijitu dute Foru Legebiltzarrean.
1.792 lan ordu urtean hilabetero 997 euroren truke, 14 ordainketatan. Hau da, 7,78 euro lanorduko. Hori da zahar etxeetako langilerik ohikoenek, erizaintzako laguntzaileek eta gerokultoreek kobratzen dutena, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako estatu mailako hitzarmenaren arabera. Eta aipatutako kategoria horien azpitik beste batzuk ere egon badaude: lorezaina, mantentze lanetako laguntzailea, atezaina, garbitzailea, eta abar. Gehien-gehienak emakumeek egiten dituzten lanak.
Lanpostu horiek guztiek Hego Euskal Herrian dituzten baldintzak oso bestelakoak direla pentsa genezake, baina ez, ez behintzat Araba eta Nafarroako erresidentzia askotan. Foru erkidegoan %30eko aldea dago soldatan kategoria berean baina erresidentzia ezberdinetan lan egiten duten langile batzuen artean.
Ostiral honetan Iruñean ELA, UGT eta LAB sindikatuek irabazi asmoak dituen zahar etxeetako enpresen ANEA patronalaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, beste behin ere Nafarroako hitzarmenaren negoziaketan proposamen duina exijitzeko, 2021eko maiatzean hasitako hamazazpi bileraren ondoren. Haietan Lares elizaren patronalak ere parte hartzen du.
Kontzentrazioa eta gero, Foru Legebiltzarrera joan dira lan saio batean alderdiei negoziaketaren egoera azaltzera. Bertan, haien baldintzak hobetzeko borondate politiko falta kritikatu dute. Izan ere, 4.500 langile eta 70 lantoki dituen zahar egoitzen sektorean, bi baino ez dira publikoak Nafarroa osoan: Iruñeko El Vergel eta Lizarrako Santo Domingo. Publifikaziorik egon ezean, gobernuari eskatu diote enpresak haien lan baldintzak hobetzera derrigortu ditzaten itunpeko esleipenak jasotzen dituen minimo duinak ezarriz.