argia.eus
INPRIMATU
Errepublikan aurrera egitea eskatu dute milaka manifestarik Katalunian
  • Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) deitutako manifestazioa bereziki gogorra izan da alderdi politikoekin. Errepublikako gobernuaren osaketa galdegin dute igandean Bartzelonan kalera atera diren milaka manifestariek, eta, Errepublika orain lelopean, alderdi independentistak urratsak egitera bultzatu nahi izan dituzte.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko martxoaren 12a
Milaka manifestarik Bartzelonako kaleak hartu dituzte igandean (Arg: VilaWeb)

Manifestariek fiskaltzaren aurkako leloak eta Carles Puigdemonten aldekoak oihukatu dituzte. Fiskaltza “Turkiaren antza” hartzen ari dela esan dute Omniumeko eledun Marcel Maurik eta ANCko presidenteorde Agustí Alcoberrok.

Baina, VilaWebek azpimarratu duenez, diskurtso gogorrena eman duena Jordi Pairó ANCko idazkaria izan da. Instituzioei galdetu die ea zergatik ez dioten aurre egiten Estatu Espainolari, eta kalera atera diren manifestariak omendu ditu: “Beti erne eta tinko egon gara, Errepublika defendatzeko prest. Beti hortxe egon gara; eta orain, sorpresa, sumin eta tristura artean, ikusten dugu zenbaitzuek kaleak duen indarra ahaztu dutela. Gu beti izango gara kalean. Baina ez dugu ikusten parlamentuan jarrera berdina dagoenik”.