argia.eus
INPRIMATU
Frantziako hauteskunde legegileak
Errepublika Martxan (EM) garaile lehen itzulian, %51ko abstentzioarekin
  • EM alderdiak bozen %32 lortu du. 400-440 eserleku artean lor lezake Legebiltzarrean. Alderdi Sozialista (PS) hil zorian geratu da, bozen %9rekin: 15-25 eserleku eskura lezake. LR alderdiak bozen %20 eskuraturik, 95-132 diputatu inguru izan lezake.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko ekainaren 12a

Frantziako alderdi historikoen eta sistemaren eskema klasikoa hondoratzear dago. Bigarren itzulian aurreikuspenak baieztatuko balira, Emmanuel Macronen Errepublika Martxan alderdiak (EM) Legebiltzarreko gehiengo handia bereganatuko luke.  

Martxanek 279 eserleku lorturik gehiengoa luke Legebiltzarrean. Lehen itzuliko emaitzek 400 eserleku luze ematen diote. PS lur jota dago, 20 diputatu izan lezake Asanblea Nazionalean. LR noraezean ari da, alta, 100 inguru diputatu izan lezake. Bera litzateke, oposizioko lehen alderdia. Jean-Luc Mélenchonen Frantzia Intsumisioak 20 diputatu inguru izan lezake, FNk bizpahiru baino ez.

Alabaina, V. Errepublika garaian egundo abstentzioa altuena izan da. Indarrean dagoen Errepublika gauzatu zenean, antzeko krisia bizi izan zuen Frantziak.

Egoera makurra bada ere, frantziarren abstentzioak, etsipenean izanik ere, antza, Macroni eman dio estatuaren erreforma aurrera eramateko argi berdea. Hartara, bere agindupean, VI. Errepublika ezar lezake.

Ipar Euskal Herrian ere EM garaile

Errepublika Martxan (EM) mugimendua litzateke nagusia ere Ipar Euskal Herrian. 4. barrutian Loic Correge garailearen (EM) eta Jean Lassalle-ren (Eutsi) artean jokatuko litzateke eserlekua. 5. barrutian, Florence Lasserre-David (EM) eta PSko Colette Capdeviellen artean. 6. barrutian Vincent Bru (EM) lehenaren eta Maider Arosteguy (LR) bigarrenaren artean jokatuko litzateke. Nolanahi den ere, EMko hautagaiak aitzinetik abian dira bigarren itzulian.

EH Baiko Peio Etcheberry-Ainchart, Anita Lopepe eta Laurence Hardouin ez dira 2. itzulian izanen. Haatik, EH Baik bildu duen boz kopurua eta emaitzak orobat ez dira eskasak izan. Aste honetan, bigarren itzulian hartuko duten jarrera erabaki behar du EH Baik.