argia.eus
INPRIMATU
Errepresioak ez du etenik, elkartasunak ez dezala izan!

EƱaut Alvarez Loidi 2024ko abuztuaren 22a

Ondo dakigu euskal herritarrok estatu-aparatua kolore guztietako indar errepresiboak eta forma guztietako mekanismo errepresiboak baliatzeko prest dagoela, menderakuntzan oinarrituriko sistemaren barruan ordena soziala mantentzeko; horretarako haien neurrira sorturiko legea urratu behar badute ere.

Estrategia politiko-militarrak baldintzaturiko ziklo politikoaren amaieraren ostean, Euskal Herria oso bestelako testuinguru soziopolitiko batean dago egun. Hau da, konfrontazio militarrik gabe, estatuentzat ezinbestekoak ziren tortura sistematikoak, ilegalizazioak edota espetxeratze masiboak ahanzturaren kutxan gorde nahi dituztela dirudi (inoiz gertatu ez balira bezala). Horrek, ordea, ez du esan nahi errepresioa desagertu denik; ez eta atzoko mugimendu iraultzailearen kontra baliatu zituzten teknikak etorkizun hurbilean erabiltzeari uko egingo diotenik ere (ez dezagun ahaztu gaur, atzo bezalaxe, Euskal Herriak militarki okupaturiko lurraldea izaten jarraitzen duela, inposaturiko lege, epaitegi eta indar armatuen menpe).

Alabaina, ziklo politiko berri honetan elkarbizitzaren aldeko mezuak gailentzen diren bitartean, Europako eta mundu osoko testuinguru historikoari erantzunez, errepresio mota ezberdinak eguneratu dituzte espainiar eta frantziar estatuek, bai alor juridikoan (mozal legea edota kode penalaren erreformaren bidez, besteak beste), bai alor sozialean (indar errepresiboak hornitzeko inbertsioak eta zuriketa kanpainak biderkatuz edota garapen teknologikoa baliatuz kontrol sozialerako tresna berriak sortzeko; adimen artifizialeko kamerak, informazio gordailu eta datu baseak indartsuagoak, jarraipen eta zelatatzeko tresna digital berriak, etab.).

Iritzi-artikulu honetan, baina, ez nator guztiok ezagutzen dugun errealitatearen azaleko azterketa bat aurkeztera. Errepresioa, gurean, desagertzetik urrun dagoela erakusten duten adibide batzuen berri ematera baizik. Donostiako Parte Zaharrean, eta auzo bereziki txikia izanik ere, honakoa da azken bizpahiru hilabeteetako balantze errepresiboa:

Errepresioari modu kolektiboan eta elkartasun antolatuaren bidez erantzun ezean, hau da, edonork jasotzen duen kolpe bakoitzari elkarrekin erantzun ezean, gureak egin du

Hamarnaka izan gara Aitor eta Galderren askatasunaren alde eginiko ekimenetan edota Amnistiaren alde Zaballara eginiko espetxera martxan parte hartzeagatik isunak jaso ditugun auzoko gazteok. Pandemia garaian, zipaioek sorturiko istiluen ondorioz, bosna urteko espetxe zigor eskaera larria jaso dute sei gaztek eta epaituak izango dira datozen hilabeteetan (duela gutxi, beste hainbatek haien kontrako akusazio faltsuak ere onartu behar izan zituzten espetxe zigorra ekiditeko). 1,5 eta 2,5 urteko espetxe zigor eskaerak jaso berri ditugu beste bi bizilagunok, San Sebastian egunaren bezperan, Etxera jartzen zuen banderola Plaza Berrian zintzilikatzen saiatzeagatik. Beste lau gazte komisariara deituak izan dira auzoko kaleetan espainolismoari aurre egiteagatik, gorroto delitua leporatzen zaien prozesu judizialaren irekiera notifikatzeko. Trinitate Enparantzan futbolean jokatzen ari ziren gazteak identifikatzen eta mehatxatzen ari ziren munipei aurre egitera hurbildutakoen kontra gogor oldartzeaz gain, atxilotu zuten gazteari lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. Hainbatetan publikoki salatu den bezala, ez dira gutxi mehatxuak, jarraipenak edota kolaborazio eskaerak jaso dituztenak.

Uste dut ez dudala inor ahaztu, baina izan ziur zerrenda luzeagoa litzatekeela atzerago joko bagenu edota iritzi-artikulu hau aste batzuen buruan idatziko balitz. Milaka euro isunetan, espetxe zigor eskaera larriak, muntaia polizialak eta akusazio faltsuak, kriminalizazio kanpaina mediatikoak… Zerrenda hau, soilik, azken hilabeteetan auzoko edota auzotarron kontrako kasuekin osaturikoa da eta, noski, Donostiako Parte Zaharra ez da kasu isolatua.

Argi dago, beraz, “garai berriak” izanik ere (eta hamarkada luzeen ostean, lehenengoz esan dezakegu une honetan ez dagoela auzotarrik preso arrazoi politikoengatik), gazteria konprometitua eta militantzia politikoa kriminalizatzen jarraituko dutela estatu aparatuek, bake faltsuaren eta segurtasunaren izenean. Hala ere, eta aurreko belaunaldiek erakutsi duten moduan, errepresioa moldatu edota gogortu arren, geldituko gaituztela uste badute, jai daukate (aske izan nahi duenak ezin baitu onartu inposaturiko kateen menpe bizitzea). Hori bai, errepresioari modu kolektiboan eta elkartasun antolatuaren bidez erantzun ezean, hau da, edonork jasotzen duen kolpe bakoitzari elkarrekin erantzun ezean, gureak egin du. Eta horrek mugimendu iraultzaileen arteko desadostasun edo kontraesan politikoen gainetik herri langilearen batasuna eskatzen du.

Eñaut Alvarez Loidi