Arrazoi ezberdinengatik inputatutako lau lagun izango dira hizlariak: Tafallako brindiseko Oier Araiz, Alfredo Ramirez txiolaria, Altsasukoak Aske herri plataformako kideak eta Axier Lopez ARGIAko kazetaria.
Brindiseko 3ak plataformak antolatu du mahai ingurua. Tafallako Kulturgunean izango da, ostiralean, arratsaldeko seietan.
Oier Araizek hitz egingo du Brindiseko 3en izenean. Gorka Labat eta Fernando Sotarekin batera epaitu dute Auzitegi Nazionalean, iazko udan Tafallako festetan presoen alde egindako ohiko brindisean parte hartzeagatik. Bi urteko kartzela zigorra, hiru urteko zaintzapeko askatasuna, bederatzi urteko inhabilitazioa eta 4.800 euroko isuna eskatu ditu fiskaltzak.
Hizlarien artean ere Altsasukoak Aske plataformako kideak egongo dira. Urriaren 15ean Altsasun izan ziren gertaerengatik bederatzi gazte auzipetu zituzten. Guardia Zibilei eta euren bikotekideei eraso egiteagatik "terrorismo delitua" egozten diete eta horietako hiru espetxean daude.
Alfredo Ramirez @erreharriak ere parte hartuko du, sare sozialetan idazteagatik Audientzia Nazionalean epaitu duten txiolaria. Bi urteko kartzela zigorra, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen diote.
Axier Lopez ARGIAko kazetaria ere egongo da. Mozal Legea aplikatuz zigortu zuten, 601 euroko isunarekin, Espainiako Poliziak kalean egindako operazio baten berri emateagatik. Espainiako Gobernuak isuna bertan behera utzi zuen martxoaren hasieran.