Intxorta 1937 elkarteak antolatu eta Debagoienako udalen babesarekin, omenaldia egingo diete ostegun honetan Arrasateko Arizmendiarreta plazan, frankismoak jazartutako bailarako biktimei.
"Egia eta Justizia" eta "Inpunitateari Stop" lemapean omenduko dituzte 1936tik aurrera frankismoaren errepresioa jasan zuten debagoienatarrei. Haien alde jarritako monolitoaren aurrean izango da ekitaldia eta bertan izango dira bertsolariak eta dantzariak, besteak beste.
Monolitoa 2003an eraiki zen eta frankistek hil edo desagerrarazitako bailarako 116 pertsonen izenak jarri ziren. Orain, beste sei lagunen izenak gehituko dituzte. Biktima horiei lore eskaintza egiteaz gain, Iñigo Arregi eskultoreak egindako lan bana jasoko dute haien senideek Gipuzkoako Aldundiko ordezkarien eskutik, musika lagun dutela.
83 urte sorterritik kanpo
Ekitaldi berean, erbesteraturiko pertsona bat ere omenduko dute: 83 urte jaioterritik kanpo egin dituen Francisca Garcia. Intxorta 1937k azaldu duenez, soilik urtebeterekin ihes egin behar izan zuen Arrasatetik familiarekin eta gerran, aita, anai-arrebak eta osaba bat hil zikioten eta ama berriz gor geratu zen.
Gerraostean Francisca Bartzelonako Vilanova i Geltrú herrian paratu zen eta duela gutxi jarri zen harremanetan Arrasateko Udalarekin, jakiteko Dragones Batailoian borrokan zela hildako bere aitaren berri. Udalak Intxorta 1937 elkartera jo zuen. Hala, "83 urteren ostean, Arrasatera itzuliko da", azaldu dute elkarteko kideek.