argia.eus
INPRIMATU
Errepideetako greba konpondu gabe iritsi da negua Gipuzkoara
  • Asteartean jarri zuen indarrean neguko bidezaintza plana Gipuzkoako Aldundiak. Elurteei aurre egiteko langile kopurua erdira jaitsi du foru erakundeak eta ELAk azalpenak eskatu dizkio.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko azaroaren 17a

Zortzi hilabete daramate greban Gipuzkoako errepideetan mantenu lanak egiten dituzten enpresetako langileek. Azpikontratazioaren ondorioz lanaldi luzeak eta soldata izozketak jasaten dituztela diote, baita segurtasun gabeziak ere. Besteak beste, neguko bidezaintza planean irregulartasunak salatu izan dituzte.

Hain justu, asteartean jarri zuen indarrean bidezaintza plana Gipuzkoako Aldundiak. Aintzane Oiarbide Azpiegituretako diputatuaren esanetan grebak ez du “inolako eraginik” izango planean, gutxieneko zerbitzuetan sartzen baita “bere osotasunean”. Bestalde, elurrari aurre egiteko gatz biltegiak eta 80 kamioi prest dituztela azaldu zuen prentsaurrean diputatuak, eta “baliabideak optimizatu” dituztela.

ELAk zehaztapen handiagoa eskatu dio foru erakundeari, planean parte hartu ohi duten 322 langileen ordez 180 baino ez baititu aurreikusi: “giza baliabideak erdira jaitsi dira”. Sindikatuak “eszeptizismoa” azaldu du Aldundiaren interesekiko: “Ezinezkoa da erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izatea mantenu zerbitzu horietaz arduratzen diren langileen segurtasuna bermatzen ez bada”.

Aldundiari eta mantenu lanak egiten dituzten enpresetako zuzendaritzei Lan Harremanen Kontseiluan elkartzeko deia luzatu die ELAk, planari buruzko informazio gehiago izateko asmoz: “Ez dugu inoren bizia arriskuan jar dezakeen murrizketarik onartuko”.

Sindikatuaren ustez langile eta enpresen arteko gatazkan Aldundiak zeresan eta ardura handia dauka, berak azpikontrataturiko zerbitzu publikoa betetzen ari baitira. Oiarbidek baina, ez du hala uste: “Hasieratik nahi izan dugu gatazka azkar amaitzea, baina Diputazio bezala egin behar dugun gauza bakarra da bermatzea bide segurtasuna”.