argia.eus
INPRIMATU
Errepidean babes neurriak eskatu dituzte ehunka txirrindularik Tolosan
  • Ehunka txirrindulari eta zale elkartu dira, Tolosan, ostegunean Leonen hil zen Villabonako bikoteari omenaldia egin eta berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko eskatzeko. Gertatutakoa «onartezina» dela azpimarratu dute.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2018ko uztailaren 02a
Arg.: Tolosaldeko Ataria Arg.: Tolosaldeko Ataria

 Jose Carlos Carrasco eta Nerea Agirre gogoan izan dituzte igande honetan ehunka txirrindularik Tolosan. Asko eta asko izan dira Oriako Txirrindulari Eskolaren deialdiari erantzunez Amarotz auzora agertu direnak.

Tartean ziren, esaterako, Carrasco eta Agirreren Leuneta zikloturista elkarteko lagunak. Hernani-Tolosa bidea egin dute, Villabonatik pasaz, berriro gerta ez dadin eskatuz. Txirrindulari profesionalak ere ez dira falta izan: Gorka Izagirre, Gari Bravo, Beñat Txoperena... Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkatea eta Olatz Peon, Tolosakoa, bertan izan dira. 

Gaurko deialdiak helburu bikoitza zuen, Aitor Ayerza, Oriakoko lehendakariaren hitzetan. "Alde batetik, Jose Carlos eta Nereari omenaldia egitea, baita Orats gaztetxoari ere. Bestetik, protesta ere bada. Errespetua eskatu nahi dugu, guztiok dugulako lekua errepidean". 

Amarotz auzotik hasita, bost kilometroko bidea egin dute guztiek batera, Tolosako erdigunetik. Ibilbidean zehar, irteera puntuan, bereziki, asko izan dira babesa ematera agertu diren herritarrak. Lazo beltzak jantzi dituzte guztiek.

Legeari begira

Legeari eta legelariei begira jarri dira guztiak gaurkoan, txirrindulariak babesteko neurriak hartzeko eskatuz. Hain zuzen, hori eskatu du Arritxu Iribar kazetariak martxaren irteera puntuan: hitzetatik ekintzetara pasatzea eta txirrindulariak babestea. Bera izan da Oriakoren izenean mezua irakurtzeaz arduratu dena. Hauxe da berak irakurritako testua, osorik:

"Nahikoa da. Horixe ateratzen zaigu bihotzaren erdi-erditik. Jose Carlos Carrasco, Nerea Agirre... ez zuen gertatu behar. Orats, 12 urterekin inork nahi ez duena bizitzea egokitu zaizu. Eta gu ez gaude prest. Ez gaude prest Jose Carlos, Nerea eta Orats gehiago izan daitezen. Hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen diegu agintariei. Madrilgo kongresuan blokeaturik dagoen proposamenak aurrera egin dezala. Nahikoa da. Bizikletaz gozatu nahi dugu. Gidari, errespeta gaitzazu. Errepidean, ahulak gara. Bizikleta gainean, bizitza bat doa. Deskuidoak gerta daitezke, baina errepide indarkeria, trafiko indarkeria onartezina da. Eta horrekin bukatu egin behar dugu. Trafiko indarkeria da, eta onarterzina. Tamainako erantzuna behar du, neurriko legea aldarrikatu nahi dugu. Heziketa ere garrantzitsua izango da. Baina errepidean, gidari, errespeta gaitzazu. Guk, bizikleta gainean galtzeko dena baitugu. Oriako Txirrindulari Eskolaren izenean, eskerrik asko aldarrikapenarekin bat egin duzuen guztioi. Baina hemen gaude bakoitzaren eskubide bat aldarrikatzeko, samina adieraztearekin batera. Nahikoa dela aldarrikatuko dugu, gure defentsan ekintzak eskatuz".

Gorka Izagirre txirrindulariak legeak gogortzeko eskatu die agintariei: "Egun oso tristea da baina ezinbestekoa zen hemen egotea. Nahiko genuke gehiago ez gertatzea. Politikariei eskatzen diet legeak gogortzeko, behar duen zigorra emateko. Kontzientzia ere falta da". Gari Bravok gertatutakoa ezin dela errepikatu nabarmendu du: "Ezin da autoa edanda hartu. Horrelakorik ezin da ikusi, oso gogorra baita gertatutakoa. Ia egunero irteten gara errepidera eta horrelakoekin beldur gehiago hartzen diogu errepideari. Hala ere, oso garrantzitsua izan da jendeak izan duen erantzuna".

Olatz Peonek, berriz, zigorrak kaltearen neurrikoa izan beharko lukeela aldarrikatu du: "Izugarria da gertatutakoa. Istripuak askotan gertatzen dira, baina kaltea eragin duen pertsonaren ardura hor dago". Politikak zer egin lezakeen galdetuta, honakoa erantzun du Tolosako alkateak: "Legeak parlamentuan onartzen dira. Egin beharko litzateke batzorde bat osatu, legea egokia den ala ez begiratu, eta aldatu behar bada, aldatu".

Albiste hau Tolosako Atarian argitaratu du Mikel Iraolak eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta