argia.eus
INPRIMATU
Errepide mozketak eta polizia-kargak Bizkaiko metalgintzaren laugarren greba egunean
  • Istilu ugari izaten ari da Bizkaiko metalgintzaren laugarren greba egunean; goizeko ordu txikitan hasi dira langileak pikete eta manifestazioekin, eta hainbat zauritu daudela salatu dute.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 20a
Durangaldean goizean eginiko mobilizazioak. Argazkia: @lab_industria

Sutan dauden pneumatikoak, borra hotsak, errepide moztuak… hala esnatu da Durangaldea. Goizean goiz ekin diote langileek laugarren greba egunari, eta ahalik eta langile gehien batzeko, pikete informatiboak antolatu dituzte lantegien sarreretan. Piketeak egiten ari ziren langileen aurkako poliziaren oldarraldiek greba eskubidea urratzen dutela adierazi du LABek.

Durangaldean ez ezik, beste eskualdeetan ere ekin diete mobilizazioei. Bilbon goizeko bederatzietan hasi dute manifestazioa. Ezkerraldean goizeko 11:30ean martxa egingo dute langileek, Sestaoko Kasko plazatik Barakaldora. Durangon, goizeko ekintzez gain, 11:30ean manifestazioa egingo dute Santa Anatik abiatuta.

Bilbon goizean egindako manifestazioa. Argazkia: @UGTFicaEuskadi

Hitzarmen duinen aldeko borrokak

Fronte asko daude irekita egunotan Euskal Herriko hainbat lan-esparrutan, hitzarmen duinak lortzeko: etxeko langileak, Gipuzkoako papergintzako sektorea, Bizkaiko kiroldegietako langileak, BilbaoBizi Bilboko txirrinda publikoen zerbitzuko langileak, Bizkaiko metalgintzako langileak, CAFeko beharginak… ekonomia hazten ari den arren, langile askok ez du hazkunde hori bere nominan ikusten, eta borroka sindikalera gehitzen ari dira haien eskubideak aldarrikatzeko.

Kolpeak eta atxilotuak

Petronorreko CCOOeko Idazkari Nagusiak twitter bidez zabaldu duenez, laugarren greba egunean langileek egin dituzten piketeetan borra-kolpeka ibili da ertzaintza, eta atxilotuak ere izan dira. Aldi berean, Metalaren Bizkaiako Enpresen Federazioaren presioen aurrean langileriaren antolakuntzara deitu du.