"Egun bat Bolintxu salbatzeko" izeneko jardunaldia antolatu dute maiatzaren 11n, larunbata. Jardunaldi honetan era guztietako jarduerak egingo dituzte: informatiboak, jolaskoak eta aldarrikatzaileak, Bilboko bailara horren egoeraz kontzientziatzeko.
Jardunaldia, goizeko hamarretan hasiko da Buia auzotik. Bolintxuko balioak ezagutzeko ibilbide bat egingo dute, eta Supersur Handitzea eraikitzearekin batera sortuko diren inpaktuak aztertuko dira.
Ibilbidearen ondoren, Buiara itzuliko dira eta bertso saioa egongo da. Ondoren, herri bazkaria ere antolatu dute. Egun osoan argazki erakusketa egongo da eta Buiako Kultur Etxean eta bideoak ikusi ahal izango dira.
18:00etan giza kate bat egingo dute Bolintxuko ur-jauzira iritsi arte, haranaren bihotzean. Gauean, kontzertu batek musika gehiago jarriko du 22:00ak arte. Bertan parte hartzea sustatu nahi dute, herritarrak gonbidatzen eta animatzen dituzte inguruaz gozatzeko eta “Bolintxu Bizirik” leloa ahalik eta argien entzun dadin.
Bestalde, bailararen defentsa juridikoak ere aurrera jarraitzen du eta helegitea jarri diote proiektatutako errepide berriaren ingurumen eraginaren adierazpenari. Errekurtso horretan, Bolintxuren aldeko eragileek eskatu dute gaur egungo adierazpena iraungitzat jotzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen berri bat egiteko obrak geldi ditzatela.
Egin beharreko lan juridikoen kostua kontuan izanda, crowdfunding proiektu baten bidez dirua lortzen saiatuko dira. Lagundu nahi duten pertsonek ondoko webgunearen bidez egin dezakete.
Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.