argia.eus
INPRIMATU
Errenteriako Udalak internet eta ordenagailuak jarri ditu premia duten ikasleen eskura
  • Haur eta gazteen hezkuntza eskubidea bermatzea du helburu Errenteriako Udalak. Teknologia arrakala leundu asmoz, interneterako konexioa bermatuko duten 110 SIM txartel eta 41 ordenagailu banatuko ditu etxez-etxe.

     

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 02a
Udal langileek interneteko konexioa bermatuko duten 110 SIM txartel eta 41 ordenagailu banatuko dituzte etxez-etxe / Errenteriako Udala

Alarma egoeraren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren aginduz ikastetxe guztiak itxi dira eta online hasi dira klaseak ematen. "Egoera honen aurrean, teknologia arrakala tarteko, zaurgarria den kolektibo bat identifikatu du Udalak herrian, momentu honetan hezkuntzarako berdintasun eskubidea urratua zaiona", azaldu du Errenteriako Udalak.

Behar handiena duten ikasleen identifikazioa herriko LH eta DBH-ko ikastetxe guztiekin elkarlanean burutu dute. Eskola presentzialak hasi bitartean udalak ikasleon esku jarriko dituen ordenagailuez gain, ikastetxeek ere haien baliabideak eskainiko dizkiete ikasleei. "Zerbitzu honen onuradunak, ikastetxetik proposatzen dioten ikasketa-sistema jarraitzeko gai ez diren ikasleak izango dira eta Udalak ikasle bakoitzaren ikastetxeko zuzendaritzarekin kontrastatuko du behar hori erreala den ala ez".

Udalak jakinarazi du SIM txartelak IZARKOM telekomunikazio kooperatibaren ekimenari esker erosi ahal izan dituela, ikasleen behar zehatzei erantzuteko SIM txartel bereziak jarri dituelako eskuragarri.