argia.eus
INPRIMATU
Errenteriako Iztieta osasun zentroko “egoera prekarioa” salatu du ELAk
  • Hemezortzi mediku beharrean hamabi daude eta sei erizainek hamabiren lana egiten dute. “Lan gainkarga eta agenda neurrigabea handitu” egin dira, sindikatuak ohartarazi duenez, eta murrizketa gehiago etor daitezke etorkizunean.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 04a
Iztieta osasun-zentroaren egoerak azken hilabeteetan okerrera egin duela salatu du ELAk. Argazkia: ELA

Errenteriako (Gipuzkoa) Iztieta osasun zentroaren “egoera prekarioa” salatu du ELA sindikatuak, langileengan eta pazienteengan eragina izan duena. Hemezortzi medikutik hamabi medikura jaitsi da pertsonala eta erizainek haien lana bikoiztu dute pertsonal faltaren aurrean. Pazienteen “egonezina” eta “haserrea” areagotu dira eta atzerapen nabarmenak pairatzen ari dira hitzorduetan.

Osasun zentroaren egoerak okerrera egin du azken hilabeteetan eta murrizketa gehiago izan daitezke etorkizunean, sindikatuak ohartarazi duenez. 2023ko abenduaren 16an eta aurtengo otsailaren 3an egindako manifestazioen eta udalerriko hainbat kolektibok egindako firma bilketen bitartez, herritarrek egoerarekiko desadostasuna adierazi dute. Euskadiko Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformak osasun-sistema publikoa indartzeko egindako eskaerei “entzungor” egitea leporatu zion Eusko Jaurlaritzari martxoaren 16ko manifestazioen adierazpenean.

 

Ados jartzeko ezintasuna

Errenteriako auzo-elkarteek, Mugimendu Feministak, Bilgune Feministak eta Duintasuna Pentsiodunen Mugimenduak udalbatzarekin bilkura izan zuten urtarrilaren 30ean, lehen mailako arretaren egoera hobetzeko asmoz. Bertan, Errenteriako Udalak konpromisoa hartu zuen arazoaren konponketarako kudeaketak egiteko eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin harremanetan jarri ziren. Udalak hartutako erabakiaren aurrean “gaitzespen irmoena” adierazi zuen Osasun sailburuak eta erretiroen ondorioz pertsonal faltaren eskumena Estatuko Gobernuak zuela adierazi zuen.